Luxuzko hotel batetik ihes egin, 40 minutuan eta euskaraz
Abuztuaren 23tik 25era izango da Donostian Euskaraz Barra-Barra ihes gela ibiltaria. 17. logela du izena, eta aurten mendeurrena ospatzen duen luxuzko hotel batean dago girotuta. 23an eta 24an Bulebarrean jarriko da eta 25ean Gipuzkoa plazan.
Antolatzaileek zenbait irizpide jakinarazi dituzte, izena ematearen inguruan: 16 urtetik gora izatea, euskara ulertu edota hitz egitea, ordua aukeratzea eta taldeka izena ematea (bost lagun, gehienez, txanda bakoitzeko). Doakoa den arren, beharrezkoa da aurretik erreserba egitea, saio kopurua mugatua baita. Adierazi dutenez, saioak 40 minutukoak dira.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak jarri dute martxan proiektua, euskara lurralde osora zabaltzeko asmoz. Horretaz gain, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko sortu da Euskaraz Barra-Barra marka.