Bueltan da Sareak Sutan saskibaloi jaialdia

Itzuli da “kaleko kulturen arteko loturak sendotzen dituen ekitaldia”; hala deitzen diote Basket Kaleakoek, antolatzaileek, Sareak Sutan jaialdiari. Gaur hasi eta igandera arte egongo dira “kalea ingurune osasuntsu gisa aldarrikatzen”, Sagueseko saskibaloi kantxan. Rap-a, breakdance-a poesia eta musika kirolarekin uztartuko ditu jaialdiak, besteak beste, bost egunez, saskibaloia “ikasi eta elkarbanatu” nahi duen ororentzako.
Egitaraua, egunez egun
Gaurko, biharko eta ostiraleko goizak entrenamendu irekietarako izango dira, 11:00etatik aurrera. Arratsaldetan, ordea, hainbat jarduera antolatu dituzte: saskibaloi arratsalde inklusiboek hartuko dute kantxa gaur, 17:30etatik aurrera, eta, 19:30an, Zast eta Atletico aurrez aurre jarriko dituen partida jokatuko da, Sagueseko “kaiolan”.
Biharko arratsaldean, osteguna, gurpildun aulkian jokatzeko saskibaloi partida irekiak egingo dituzte, 17:30ean. 19:30ean Poetry Attackekoak arituko dira poesian eta mikro irekia egingo dute. Eta 20:00etan, egunari amaiera emateko, Amara eta Zurriola arituko dira saskibaloian, elkarren aurka.
Ostiraleko arratsaldean, 16:00etatik aurrera, 3×3 partida (2008 eta 2013 artean jaio direnentzat), breaking tailerra eta jam session-a egingo dituzte, eta, 20:00etan, 1×1 txapelketa. Larunbat goizean 3x3ko beste partida bat jokatuko da, baina, oraingoan, hamasei urtetik gorakoek hartu ahal izango dute parte. 18:00etan, batalla de gallos egongo da, Urban 13ren eskutik. Jaialdia amaitzeko, igandean, txapuzoia egingo dute Zurriola hondartzan.