Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak
Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech taldearen partaidetza onartu behar eta lasterketatik kanpo uztea eskatu dute, “edozein konplizitate” salatzeko.
Honetan guztian duten erantzukizunaz arduratzeko “jarrera aktibo bat” eskatu diete Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Bertan adierazi dute “positiboki baloratzen dutela” udalak Palestinari erakutsi izan dion elkartasuna eta Israelgo interesen aurka joan izana, eta “orain arteko bideari jarraitzea” espero dutela. Jendearen partaidetza ere eskatu dute, Palestinako banderekin kalera ateratzeko dei eginez: “Euskal jendarteari zein txirrindularitza zaletuoi, historikoki erakutsi duen eredugarritasun eta errespetua oinarri, Euskal Herritik Palestinar herriarekiko elkartasuna erakustea eskatzen diegu, gure ikurrei palestinar ikurrak gehituz”.
Prentsaurrekoan adierazi dute Israelgo txirrindularitza taldeak “Israelen enbaxadore gisa” aurkeztu duela bere burua, eta, hortaz, “Palestina sarraskitzen” ari den estatuaren “ordezkari” direla. Ez dute egoera hori onartzen: “Ezin dugu gure lurraldean sionismo arrazista eta genozidaren presentziaren normalizazioa onartu”.
Horregatik, bi elkarretaratze deitu ditu Gernika-Palestinak: ostiralean, hilaren 9an, Bulebarreko Kioskotik irtengo dira, Donostiako Klasikoa Palestinarekin; Israel- Premier Tech kanpora! lelopean. Larunbatean, aldiz, palestinar banderak astintzeko eskatu dute, lasterketan zehar, Israelgo taldea pasatzen denean.