Larunbatean kenduko dute Marrutxipiko lotuneko lanetarako jarritako 'bypass'-a
Aldundiak jakinarazi duenez, GI-20 errepideko ‘bypass’-ak eta gainerako desbideraketa gehienak progresiboki kenduko dira datozen asteetan.
Donostia ekialdeko saihesbide berria eraikitzeko lanak fase berrian sartuko dira datozen asteetan eta, progresiboki, bypass-ak kendu eta desbideraketa gehienak lehengoratzen joango dira hilabete bukaera aldera. Hasteko, larunbatean GI-20an Bilborako noranzkoan bypass-a kenduko da eta abuztu bukaeran Irungo noranzkoan egingo dira aldaketak. Obrari dagokionez, lur-mugimendu eta euste lanak jada amaituta, aurreikuspena da hiriaren ekialdeko lotune berria urte amaierarako prest izatea.
Obrekin jarraitzeko eta egungo galtzadako trafikoa lehengoratzeko, datorren larunbatean, abuztuak 10, aglomeratu eta pintura lanak egingo dira Intxuarrondo eta Polloeko tunelen artean, Donostiako noranzkoan. Lan horiek egin bitartean, errei bakarrera murriztu beharko dira gaur egun gaituta dauden 2 erreiak. Baldintza meteorologikoak onak badira, okupazioa larunbatean egingo da, goizeko 06:00etan, eta egunean zehar gaueko 22: 00ak arte luzatuko dela aurreikusten da. Lan horiek ez dute eraginik izango Irunerako noranzkoan.
Zirkulazioa
Bypass-a kentzearen ondorioz, ezkerreko bi erreiak lanak hasi aurreko galtzadatik igaroko dira berriz. Bi errei mantenduko dira, baina bypass-ik gabe eta afekzio hau Polloeko tunelean amaituko da. Gainerako zirkulazio antolaketari dagokionez, Frantzia noranzkoan errei mozketari eutsiko zaio La Salle ikastetxearen parean eta Polloeko tunelean eskuineko erreiak moztuta jarraituko du (Frantzia nor.), Intxaurrondoko tunelera arte. Abuztu bukaera aldera, ordea, noranzko honetan egongo dira aldaketak eta La Salle pareko errei mozketa eta Polloeko tunelekoa kendu egingo dira. Aldiz, tunel ostean ezkerreko erreia itxiko da eta bi errei egongo dira Intxaurrondoko tunelera arte.
Bestalde, hiri-eremuko afekzioei dagokienez, Mons pasealeku inguruko drainatze sistema berritzeko jarduketen eta lotunearen eraikuntzarekin zerikusia duten lanen ondorioz, ezarritako desbideraketak ere datozen asteetan lehengoratzea aurreikusten da.
Urte amaierarako eginda
Donostia ekialdean, GI-20 errepidetik hirira sartzeko lotune berria eraikitzeko lanak 2022 urteko maiatzean hasi ziren eta 12.831.035 milioi euroko aurrekontua eta 30 hilabeteko exekuzio-epea dute obrek. Dagoeneko eremuaren saneamendu eta ekipamenduen birgaitze lanak gauzatu dira eta lur mugimendu guztiak ere eginda daude, lotune berria osatzeko 9 eustorma eta 2 azpi-pasabideak eraikita daudelarik. Lotunea gainetik zeharkatzen duen oinezkoentzako pasabide berria ere egin da jada.