«Flamenka beti izan da nire etxea»
Iaz jarri zuen abian Lide Hernandok (Intxaurrondo, 1991) Bele musika proiektua, eta Aste Nagusi Piratan joko du gaur gauean, 23:05ean. Beren lehenengo biraren erakustaldi bat egingo dute, berak “etxe” sentitzen duen oholtzan: Flamenkan.
Belek forma hartu du, pixkanaka, eta Euskal Herria zeharkatzen zabiltzate. Nola zaudete?
Ondo gaude. Martxoan hasi ginen, eta pixkanaka hasi gara. Maiatza izan zen potenteena, eta orain, dagoeneko udan sartuta, nahiko lasai gabiltza. Gustura gaude, ondo, tamaina hartzen. Kontzertu guztiak oso gustura jotzen ditugu.
Liherrekin jo zenuen Piratetan, azkenekoz. Oraingoan, bakarka zatoz. Diferente sentitzen da?
Bai, oso. Hasteko, estiloa desberdina delako, eta hori oholtza gainera eramateko modua ere desberdina da. Nahiz eta bandarekin joan, bai nabaritzen dela proiektu honen batuta nik daramadala, eta ez garela banda bat, bere osotasunean, Liherrekin gertatzen zen moduan.
Hala ere, talde giroa dago oholtzan. Ez dakit Liherretik natorrelako den, baina beti behar dut, nolabait, bandako gainontzekoak ere aktibo egotea kontzertuetan, rol protagonista edukitzea. Alde horretatik, badauka Liherren antza pixka bat.
Nola hartu zenuten proposamena? Pozik emandako aukerarekin?
Oso! Nire managerrak deitu zidan igandean jotzeko proposamena luzatu zigutela esanez. Asko poztu nintzen, ez baita ohikoa proiektua hasi eta lehendabiziko urtean Piratetan jotzeko aukera izatea. Pozik, eskertuta gaude Piratei, guregan izan duten konfiantzarengatik.
Zer ikusiko du jendeak igande gauean, Belerekin?
Ni neu hasten naiz nire proiektuari etiketak jartzen, eta gero konturatzen naiz horrek pixka bat mugatzen duela dena. Energia handiko kontzertu bat da, nahiz eta baladak ere badituen, baina mugitzen ikusteko egina dago, eta euskaraz. Musika beltza jorratzen dugu, gehienbat, baina estilo asko biltzen ditu proiektuak: neosoul, pop, funky, dancehall… dantzatzeko aukera dago, beti eskatzen diogu jendeari dantzatzeko.
Zerbait berezia prestatu duzue?
Gonbidaturen bat dator… eta, gainontzean, martxoan hasi garenez, biran egiten dugun moduan egingo dugu. Proiektuaren hirugarren urtea izango balitz, zerbait diferentea egingo genukeen, baina oraindik bira honetan sartuta gaude eta bira honen erakustaldia egingo dugu.
Baduzue gaur gauerako espektatibarik?
Proiektua oraindik nahiko ezezaguna denez, hasieran jende gutxi egoten da plazan, normalean. Kontzertuak aurrera egin ahala betetzen da, baina lehenengo abestia lehenengoa izateko aukeratuta dago, espresuki, jendea energiarekin egoteko, hasieratik. Nahiko goian hasten ditugu kontzertuak. Espero dut Piratetan jendea aurrean egotea, zain, eta kontzertua topera hastea!
Donostiarra izanda, zein izan da zure harremana Aste Nagusiarekin?
Uste dut, jende askok bezala, gorabeherak izan ditudala. Gazteagoa nintzenean gehiago ateratzen nintzen, gauero, inkluso, eta Piraten antolakuntzan ere ibilia naiz. Orain, beste adin batekin eta parrandan gutxiago ateratzen naizen honetan, ez nago hainbeste antolakuntzan, baina saiatzen naiz lagunekin parrandaren bat botatzen, behintzat.
Etxean joko duzu. Oholtza potente bat da Flamenka? Nora egingo zenuke salto?
Ilusio gehien egiten didanetako bat da Flamenka! Badirudi hurrengo maila Saguesen jotzea dela, baina nik nahiago dut Piratetan jotzea. Niretzako beti izan da etxea, Sagues baino gehiago. Harroago egoteko modukoa iruditzen zait Flamenkan jotzea, baina udalak kontratatzen bazaitu Saguesen jotzeko, beste baliabide batzuk dira, noski. Badaude Flamenka baino leku handiagoak, baina handiagoak izateak ez du esan nahi ilusio handiagoa egiten dizunik.
Kontzertu eskaintza zabala dago, aurten. Baten bat ikusiko duzu?
Ba, oraindik ez dut erabaki! Ziurrenik aukeratuko dut baten bat, ez dakit astean zehar edo asteburura begira, Flamenkara joan eta gero Alde zaharrean bukatzeko. Hori bai, Flamenkan izango da, zalantzarik gabe!
Gerta liteke asko gustatzen zaigun artistaren bat etortzea Saguesera, baina, normalean, Flamenkan ibiltzen gara. Donostiak jarraitzen du bi aurpegiko Aste Nagusi bat izaten, uste dut ez dagoela batere integratuta Aste Nagusi Pirata udalak antolatzen duenarekin.