Ausardia falta
Ailegatu zaizkio abuztuari bi digitudun egunak eta ekuatorera iristear den Donostiako Musika Hamabostaldiak bere baitan ohikoa bilakatu den opera errazioa eskaini digu azken egunotan. Pasa den edizioan Igor Stravinskyren Oedipus Rex lan berezi bezain interesgarriarekin izaniko esperientzia berritzailearen ostean, Easo Ederrean sumindurik zebilenik bazela-eta, opera klasikoenen kutxa berriro astindu eta Georges Bizeten Carmen entzungarri bezain dozenatan entzuna taularatu digute beste behin. Ez da paradarik izan, lehengo urtekoari jarraituz, Arnold Schönberg konposatzaile vienarraren jaiotzaren 150. urteurrenari keinurik egiteko, bere lan eszenikoren bat –Pierrot Lunaire zirraragarria, esaterako– taularatuz, adibidez. Ala ez da betarik aurkitu pasa den ekainean Arriaga Antzokian estreinatu zen Juan Carlos Perezen Saturraran euskal opera programatzeko, esaterako. Ausardia falta betierekoa, alajaina. Datorren edizioetara begira, esploratzekoa izango litzateke formatu txikiko piezak muntatzeko aukera, ez baita zertan medio eta baliabide handirik erabili emaitza txukun eta landu bat lortzeko. Goazen, baina, Bizetek eskainia aztertzera lehenik.
Entzule guztiok gara zilarrezko ezteiak betetzear den Kursaal Auditorioaren mugen jakitun. Itsas bazterreko Moneoren eraikina ez zen opera antzoki gisa planteatu. Eta eskerrak, bere polibalentzia eta moldagarritasunean aurkitzen baita mende laurdenez buruturiko ibilbidearen arrakasta, nire uste apalean. Hala ere, erronka opera bat eszenaratzea bada, traba akustiko zein eszenikoak nabarmenak dira bertan. Arazo koiunturalak arazo, atzokoan entzunikoak merezia zuen ikuslegoaren onespena. Irekierako lehen akordeekin, Euskadiko Orkestrak eta bart aurrean zuzendari lanetan zuten José Miguel Pérez-Sierrak argi erakutsi ziguten beraien ale bizi bezain kontsistentea eskaini nahi ziotela gaueko errezetari. Gatza eta piperra jartzeko, bestalde, Easo Abesbatzak zein Easo Eskolaniak kozinatuta. Paper nabarmena du koruak Bizeten partituran zehar eta zuzendariarekin izaniko zenbait tempo arazo kenduta, aipatzekoa izan zen haur zein helduek abestutakoa. Izendatu nahi izan ditut lehenik bi formazio jendetsuenak, poz izugarria ematen diolako bati, obra operistiko bat altxatzeak berezkoak dituen zailtasunak ezagututa, etxekoen lanaren fruitu gozo bezain txalogarriak.
Eta bertakoekin jarraituz, Miren Urbieta-Vega abeslari donostiarraren lana ezin nezake aipatu gabe utzi. Jada lehen ekitaldian Don José pertsonaia hezur-mamitu zuen Dmytro Popovekin batera, bikain burutu zuten Parle-moi de ma mère duetoa. Baina hirugarren ekitaldian zuen gordea Urbietak gaueko perlarik distiratsuena, itzel abestu baitzuen Micaelaren azalean Je dis que rien ne m’épouvante aria sentikorra. Marifé Nogales eta Helena Orcoyenen karten jokoko interbentzio umoretsua fin bezain alaia izan zen. Kontrabandista gisara batak zein soldadu buru modura besteek, Aitor Garitano, Mikel Zabala eta Juan Laboreriak eginikoa, berriz, txukuna eta sendoa iruditu zitzaidan. Ez ninduen, kontrara, hainbeste konbentzitu taula gainean proposatu zigutenak. XIX. mende hasieran Sevillako hirian kokatzen den istorioa deslokalizatu nahi bada, egin bedi osotasunez, edozein erreferentzia espazio-tenporal ezabatuz. Dirua bada arazoa, egin dezagun pertigan salto, XXI. mendean kokaturiko bertsio soil –baina ez sinple– bat ideiatuz. Ezinezkoa da, ordea, lau argi aldaketa eta egurrezko bi palet handiren esku uztea 50. hamarkadako Espainia frankistan kokatua omen zegoen pieza baten sinesgarritasuna eta sostengua.
Atrezzoaren eskasia eta Kursaaleko eszenatoki itzelaren erabileraren pobrezia –taula erabat hartzen zuen emankizunak uneoro, espazio eszeniko bereiziak sortu gabe– albo batera utzita, Bizeten lanari ohore egin zitzaiola uste dut. Musikari frantsesak partituran planteatzen duena, gainera, milaka aldiz entzuna izanagatik ere, magistrala da. Zezenaren eta Carmenen heriotzak ispilu gisa parean jartzeko gaitasuna, protagonistak heriotza kartetan ikustean melodia umoretsuekin drama arintzeko duen abilezia eta belarrian itsatsita ditugun melodia eta motibo horiek etengabe garatu eta obran txertatzen joateko duen ahalmena. Bere askatasunaren defentsan hiltzeko prest den Carmenen istorioa modu duin eta azpimarragarrian taularatu ondoren, ekuatorearen beste aldea zain du Hamabostaldiak, pertiga hartu eta ohiko lanetatik urrunduko gaituzten beste zenbait ziklotan salto egiteko prest. Egin dezagun bada jauzi!