Belak zabaldu eta Donostia abordatzeko prest daude Piratak
Gaur arratsaldean abordatuko dute Piratek hiria, eta baltsen muntaketan daude murgilduta, goiz-goizetik. 09:30ean iritsi dira lehen txandakoak; paleak, flotagailuak eta poltsak hartu, eta portuko aldaparantz hasi dute bidea, arratsaldean Kontxako hondartzara arazorik gabe iristen lagunduko dien plataforma muntatzeko. Jendetza batu da kaian, hurrengo txandetakoak poliki-poliki iristen hasi baitira.
250 kuadrillek eman dute izena aurtengo abordaian, eta horietako bat da Kaleko Afari Solidarioak elkartea. Aurtengo txupinazoan Matti izateko aukera eman zieten, eta poztasun handiarekin hartu zuten Piraten proposamena. Hiru urte daramatzate abordaian parte hartzen SOS Arrazakeria elkarteko kideekin batera, baina aurtengoa berezia da: “Ikusgarritasunean lagundu du Matti izateak, eta abordatzean parte hartzeak gazte hauei ere laguntzen die, nolabait. Ilusio handiz etorri dira”, adierazi dute.