Bera Bera eta Bidasoa bueltan, Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan
Hilaren 16, 17 eta 24ean hartuko du hiriak Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa. Egia Eskubaloiak antolatzen du urtero, eta erreferentziazko bilakatu da Gipuzkoan, honezkero, eskubaloiaren arloan. 29. edizioa da aurtengoa, eta gaur aurkeztu dute udaletxean. Marta Pastor udaleko Kiroletako Zuzendariak adierazi duenez, denboraldiaurrea “ilusio eta anbizio momentu bat” da, eta horregatik egiten dute txapelketa data hauetan. Azaldu duenez, “kariño handiz” antolatutako torneo bat da.
Santi Jaca txapelketaren antolatzaileetako batek esan duenez, “kalitate salto bat” eman nahi izan dute aurtengo ediziorako, baina ez da posible izan: “Datorren urtean baldintza hobeak izatea espero dugu”, adierazi du. Hortaz, iazko torneoaren antzekoa izango da aurtengoa, eta horri jarraiki, Bera Berako eta Bidasoako jokalariek beren partaidetza errepikatuko dute oraingoan.
Bi asteburutako egitaraua
Bi astetan egingo dute torneoa, Bera Berako neskek beste konpromiso batzuk baitituzte. Gizonen kategoriak emango dio hasiera txapelketari, ostiralean, bi finalerdirekin: Limoge eta Logroño, eta Helvetia Anaitasuna eta Bidasoa-Irun. Larunbatean jokatuko dira hirugarren eta laugarren postuak, eta ostiraleko irabazleen arteko finala. Amaitzeko, 21ean, emakumezkoeen partida jokatuko du Bera Berak, Nafarroako Replasa Beti Onaken aurka, eta, ondoren, kopa banaketa egingo dute. Sarrerak Egiako kiroldegian jarriko dituzte salgai.
Partida guztiak Egiako kiroldegian jokatuko dira, nahiz eta antolakuntzari hiriko beste kiroldegi batzuk ere eskaini dizkieten. Jacak irmo adierazi du beren aukeraketa: “Egiako kiroldegia txikia da eta baliteke gabeziaren bat edukitzea, baina Egian sortu da torneoa eta bertan garatu behar dela uste dugu”. Auzoko kiroldegia da eta auzoaren alde egin nahi dutela ere azpimarratu du.