Sardiñerak: espaziorik ezean, agertzen dira kalean
Morez jantzi da Lasta, goizeko lehen orduetatik. Transmaribolloen eguna ospatzen ari dira gaur Piratak, eta Sardiñeren egitarauari eman diote hasiera 10:00etan. Euskal kanten erritmora prestatu dute gosaltzeko mahaia, gonbidatu bereziak baitzituzten gaur: amonak, amak, izebak.
Señora 65+ jardueraren barruan gonbidatu dituzte Sardiñerek beren senideak, elkarrekin goxo-goxo gosaltzeko. Txurro eta txokolate zaporea hartu du goizak, berehala. Momentuan bertan moztutako frutarena. Normalean festa girotik urrun dauden hauek ere piratak izan dira gaur goizean, eta poz-pozik agertu dira txosnagunean.
Publiko zabalago batengana iristea zen aurten Sardiñeren helburua; horregatik gonbidatu dituzte senideak Lastara. Bi orduz egon dira hor eserita, berriketan, txurro eta barre artean. 12:00ak iritsi, eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatzeko unea heldu da. Kalekuirra egiten dute urtero, borroka transfeminista ospatu eta aldarrikatzeko. Bertsolariek eman diote hasiera poteoari, eta Ikatz kalera abiatu dira, Aurresku taberna parera. “Leku segurutzat” zuten lehen Sardiñerek Aurresku, baina iaz itxi eta jabea aldatu zutenetik, leku seguru horren faltan daude. Hortaz, dantza eta bertso artean, mural bat jarri dute Ikatz kalea eta San Jeronimo kalea batzen diren iskinean.
Muralarekin batera aldarrikatu dute bere nahia: “Jaitsi arazi zizkiguten pertsianak. Itxi zuten Aurresku. Sentitu ginen tarte batez umezurtz, aterperik gabe, elkargunerik gabe. Eta kalera irten ginenean, esan ziguten Polizia izango genuela segurtasunaren bermea. Eta kexatzen baginen, jarriko zigutela zigorra edo isuna”, irakurri dute. Txalo artean nabarmendu dute, kalea agortzen bazaie ere, bertan jarraituko dutela borrokan. Espaziorik ezean, agertuko direlako kalean. Beti egongo direla kalean. Eta beti, leku seguru batengatik borrokan.
Zirku erakustaldi batek bete ditu Parte Zaharreko kaleak, bat-batean. Gerturatu dira lagunak, haurrak, adinekoak eta elkarrekin joan dira berriro kaira. Adin desberdinetako jendea batu da festara; haurren distira begietan eta helduen zirrara gorputzetan. Zeinen erraza dirudien batzuetan elkar begiratzea eta ingurukoak egongo ez balira bezala elkarri heltzea. Erraz egin dute, eta Lastan eseri dira denak, bazkari goxo batez disfrutatzera. Batzuetan gosari on bat, poteo hobe bat eta bazkari zoragarri bat baino ez direlako behar festaz gozatzeko. Batzuetan, ez da ezer gehiago behar, morez jantzi eta zoriontsu izateko.
Señora 65+ gosaria
Kalekuirra
Bazkari disidentea