«Oraindik preso daudenekiko elkartasuna bultzatzen dugu kaxuelitekin»
Euskal Preso eta iheslarien aldeko kaxuelitak eskaintzen dituzte Groseko Marruma elkartean, Aste Nagusiko gauetan. Auzotarrek afariak prestatzen dituzte, kantitate handitan, eta elkarteak jatetxe forma hartzen du gauero. Idoia Ibero elkarteko kideak proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.
Presoen aldeko kaxuelitak eskaintzen dituzue afaltzeko. Nondik jaio zen ideia?
Duela 30 urte inguru hasi ginen honekin, eta filosofia beti izan da Txabol Sotoarena. Bere garaian, ikastolen alde zegoen jendeak etxean jana prestatzen zuen, eta musutruk eramaten zuen elkarteetara, han afari gisa eskaintzeko. Guk egitea polita izan zitekeela pentsatu genuen, eta saretxo bat egiten hasi ginen auzotarrekin. Garbi azaltzen genien afari horiekin ateratako dirua auzoko preso eta iheslarientzako izango zela. Urtez urte, sare hori handitzen joan gara.
Aste Nagusian egiten duzue hau. Egun asko dira, eta, beraz, kaxuelita asko… Nola antolatzen duzue egun bakoitzeko menua?
Astelehenean, adibidez, lau aukera eskaini genituen lehen plater gisa; sei bigarren plater gisa eta bost postre. Egunero eguneratzen dugu menua, baina aurreko egunean sobratu diren anoak ere eskaintzen ditugu, eta, beraz, menua askoz ere zabalagoa da.
Gau amaieran sobratzen diren ano horiek apuntatzen ditugu, hurrengo egunetan zer behar dugun ikusteko. Egun asko dira, eta batek hartzen du egun bakoitzaren ardura. Horrek egun horretako zerbitzariak eta sukaldariak lortzeko ardura du, eta baita gauean egotekoa ere. Lana da, baina kontentu gaude, pozik eta harro.
Nola lortzen duzue jendeak kaxuelitak ekartzea?
Eskatzen ibili baino, guregana etorri izan da jendea. Bati marmitakoa ondo ateratzen zaiola, beste bati postreren bat… eta gure erantzuna beti izan da: eta zein egunetan ekarriko duzu? Batzuetan auzoko jendearen ezagunak izaten dira, ahoz-ahokoaren eraginez enteratzen direnak. Hori dela eta, hain hurbil ibili ez den jendea ere iritsi da gure proiektua ezagutzera.
Zenbat pertsonek hartzen duzue parte honetan?
Bi lan egiten dira hemen: sukaldari lana, batetik, eta zerbitzari lana, bestetik. Hamabost lagun inguru dabiltza, egunero, sukaldari lanetan. Horrekin arazorik ez dugu izaten, normalean. Zerbitzari lanetan, ordea, bost lagun inguru: bi zerbitzatzen eta beste hiru sukaldean, platerak prestatu eta garbitzeko. Sukaldariak izaten dira normalean afariak ekartzen dizkigutenak, baina elkarteren batek ere hartzen du parte. Denak dira ongietorriak.
Badator jendea afaltzera?
Egunak eta egunak daude. Oso ondo hasi ginen asteburuan. Astelehenean, abordatzea zela eta ez zen hainbeste jende gerturatu. Etxerako enkargu batzuk eta hogei erreserba inguru daude gaur gauerako. Erreserbatu daiteke, baina ez da beharrezkoa.
Ohitura kontua izaten da erreserbatzearena; adibidez, gaurko gaua potentea da, eta batzuek nahiago dute erreserbatu, badaezpada. Besterik gabe agertzen direnak ere badaude. Hala ere, oso zaila da lekurik gabe geratzea. Guri elkarteko giroa gustatzen zaigu, eta 20:00etatik dago jendea hemen, afaldu nahian. Kanpoko jende asko dator baita ere; madrildarrak, frantsesak… denetarik izaten dugu. Afariak merkeak ere badirenez, jendeari etortzea gustatzen zaio. 20:00etatik 23:00tara ematen ditugu afariak, egunero.
Jaiak eta politika uztartzeak, batzuetan, liskarrak ekar ditzake.
Bai, baina guk argi uzten dugu zein den gure helburua, hasieratik. Karteltxo batzuk atera ditugu eta argi jartzen du horietan presoen aldeko kaxuelitak eskaintzen ditugula. Behobiaren harira ere egiten ditugu, eta Grosen egiten dugun bezala, Antiguan eta Egian ere egiten dute, adibidez. Guk Aste Nagusian egiten dugu, baina ez ezer bereziarengatik.
Zein da zuen helburua honekin, dirua ateratzeaz gain?
Elkartasuna bultzatzea. Bi auzotar dauzkagu oraindik preso; asko txikitu da kopurua, baina ez da desagertu. 130 lagun daude oraindik kartzelan, eta horiekiko elkartasuna da bultzatzen duguna. Jende asko ez da kontziente oraindik dagoen egoeraz.