«Espero dugu Sagueseko oholtza erraldoia txiki ez geratzea»
Nøgen taldeak kontzertua eskainiko du gaur, 23:45ean, Saguesen. Kontzertu handia izango dela aurreratu du Jokin Gilisagastik, taldeko bateria joleak; izan ere, beren ibilbidearen errepaso bat egingo dute oholtza gainean eta ilusio handiz hartu dute beren lehen kontzertuak disfrutatzen ikusi zituen oholtza betetzeko erronka.
Gasteizko jaietan izan zineten, gaur Donostian eta datorren astean Bilboko Aste Nagusian joko duzue. Nola sentitzen zarete?
Begenuen etxera bueltatzeko gogoa. Udazkenean aurkeztu genuen Åben Cirkel diskoa eta Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean jo genuen. Espainian ibili gara gerora, eta orain iritsi da lan hori etxean defendatzeko momentua. Zortea izan dugu, gainera, aurkezpen hori hiru Aste Nagusietan egiteko. Eszenatoki handiak dira, eta horrek erronka eta ilusioa suposatzen digu.
Etxean joko duzue. Nolakoa da Nøgeni hirian egiten dioten harrera? Nabaritzen duzue zerbait berezirik?
Bai, diferentea da. Kanpoan zortea baldin badaukagu eta aretoa beteta badago, beti egiten digu ilusioa. Etxetik urruti zaude eta jendeak entzuten zaituela pentsatzeak. Bestalde, publikoak ez bazaitu ezagutzen, erronka eta urduritasun hori, agertokian biluzik agertzearena, asko gehitzen dio kontzertuari. Esperientzia ona da, baina etxean desberdina da. Hemen beste publiko bat daukagu eta bere espektatibak bete behar ditugu. Maila eman behar dugu.
Etxera buelta, baina oso proposamen desberdin batekin. Saguesen jotzeko proposamena iritsi eta zer?
Asko hitz egin dugu honen inguruan taldean, eta hiru Aste Nagusietarako balio duen erantzun bat daukagu, baina uste dut Donostiarako bereziki balio duela. Gure lehenengo kontzertu handiak Saguesen ikusi ditugu; pentsatzea orain gu garela agertoki horretara igoko garenak ilusioa egiten digu, eta pixka bat gainditzen gaitu. Agian egongo da hor neraberen bat guk pentsatzen genuen gauza bera pentsatzen. Oso polita da hori, erronka bat.
Ez da Aste Nagusian eskaintzen duzuen lehen kontzertua, Piratetan jo izan baituzue. Aurten Saguesera egingo duzue salto. Zer espero duzue eszenatoki horrengandik?
Urduri gaude, gauza asko prestatu ditugu, baina guretzako erronka eta helburu bat da kontzertua bizitzen saiatzea. Momentu guztiak gozatzea eta oroitzapen politak sortzea. Urduritasunagatik ez dadila azkar pasa, eta benetan gozatu dezagula. Publikoarekin konektatu nahi dugu hasieratik, eta elkarrekin zerbait polita bizi.
Zer entzungo du publikoak? Prestatu duzue ezer berezirik?
Hiru kontzertu hauek luzeagoak izango direnez, gure orain arteko ibilbidearen erakustaldi bat egingo dugu. Disko berriaren aurkezpena egingo dugu, baina aurreko diskoak ordezkatzen dituzten abestiak ere joko ditugu. Norbaitek gure gaur egungo proposamena eta historikoa ezagutu nahi badu, gaur du aukera ona. Zuzenak izaten saiatu gara, eta ez dugu geldialdi askorik egingo. Guretzako frenetikoa izango da, eta espero dugu publikoak ere horrela bizitzea.
40 pertsona igoko dira oholtza gainera bihar, eta hori da aurreratu dezakedan gauza bakarra! Sorpresa asko egongo dira, 40 pertsona horiek zer edo zer joko dute. Grabatu egingo dugu, gainera, eta oso modu berezian. Horretan ere ibili gara lanean. Hurbiltzen denak jakin dezala kamaran agertzeko aukerak dauzkala!
Zertan aldatu da Nøgen Donostian jo zuen azken alditik?
Dabadaban jo genuen azken aldian, diskoa aurkezten, eta bertako baliabideengatik areto baterako kontzertua eman genuen. Saguesek aukera handia ematen digu sormenerako, eta proposamen eroagoak egiteko. Kontzertu handi bat prestatu dugu, eta espero dugu oholtza erraldoi hori txiki ez geratzea.
Aste Nagusian jo genuen azken aldiaz geroztik, Piratetan, disko berri bat jaio da. Eboluzio bat dago, eta duela urtebete ez zeuden abestiak daude orain. Baliabide gehiago ditugu eta ibilbide gehiago ere bai. Azkeneko bira honetan asko landu dugu atrezzoa, gure posizioak, argiak…
Zuen kontzertua ikustera doazenei zein plan gomendatzen diezue?
Gu Piraten ingurukoak gara, eta publikoa ere inguru horretakoa bada, zalantzarik gabe, bazkarira joan behar du. Gero, Joselontxos txarangarekin buelta bat eman ostean, erritmoa pixka bat jaitsi. Azkeneko hau garrantzitsua da, gero ez delako kontzertura iritsiko, bestela. Trinitate plazan afaldu eta Saguesera etorri gu ikustera. Suak, aukeran. Ez da derrigorrezkoa, baina badago nostalgikoren bat.
Leiho arriskutsu bat dago gaur. 23:00etan Burutik taldeak jotzen du Flamenkan, eta ondo dago abestiren bat entzutera geratzea, baina arriskutsua izan daiteke. Denbora asko gelditzen badira ez dira gu ikustera iritsiko! Deskantsatuta etorri daitezela, ordu eta erdi egongo garela dena ematen.
Zuen plana ere halakoa izango da?
Beti egiten dugu amets horrelako egunetan gauza asko egingo ditugularekin, baina gero errealitatea bestelakoa izaten da: iritsi, soinu proba egin, urduritasun guztiak jan eta oholtzan gozatu. Ea aukera daukagun kontzertua bukatzerakoan lagunekin trago bat hartzeko, oholtzara igoko diren guztiekin, eta gaua gozatzeko.