Urumearen koloreak: badago Donostiarik badiatik harago
Badiara begira egon da beti Donostia. Aurten, Aste Nagusiaren aitzakiarekin, Urumea ibaira begira jartzeko ariketa egin du hiriak. Unai Elizasuk ederki ezagutzen du ibaia; izan ere, Arrauning bere enpresaren bitartez, bisita gidatuak egiten ditu, kanoa gainean, ibaiaren zirrikitu guztiak ezagutzeko.
Goizeko 11:00etan geratu da Elizasu bere gaurko bisitariekin. Eguraldia lagun, kanoatan banatu eta uretara abiatu dira bisitariak. Familia zein lagunekin egiteko jarduera bikaina dela azaldu dute, hiriaren beste alde bat ezagutzeko modu on bat. Haur zein heldu batu dira gaur Txomiñenean, bertan baititu Elizasuk kanoak gordeta. Loiolan dauka lokala, baina martxoan egondako ekaitza indartsu batek auzoko ontziralekua eraman zuen eta, geroztik, kanoak lekualdatu behar izan ditu, baita jardueraren abiapuntua ere.
Txalekoak jantzi, arraunak hartu eta ibaian barrena eman dute paseoa, Elizasuren istorioak entzunez. Bi orduz egon dira arrauna uretan sartu eta atera, barre artean, naturak oparitzen dituen kolore guztiei begira. Hiriaren bestaldea, hor ez dago badiarik. Ez dago eraikinik, kimikoa den ezer. Dena arnasa, natura eta goxotasuna.
Dena da zabalagoa, handiagoa uretatik. Denak hartzen du dimentsioa, eta zaintzeko gogoa pizten du. Hori ere badelako Donostia, badelako etxea. Pasieran ibiltzen den jendeak uretara botatzen dituen objektuak ateratzen ibili dira haurrak: zapatilak, botilak atera dituzte. Burukoren bat agertu da, zuhaitz artean. Elizasuk azaldu duenez, gu geu gara ibaian egon daitekeen izakirik arriskutsuena. Guk geuk izorratzen dugu gure ingurua, zaindu ordez.
Haizeak laztandu bitartean sortzen diren elkarrizketak, maitasun istorioak, ibaian aurkitu dituen objektu kuriosoak elkarbanatu ditu Elizasuk bisitak iraun dituen bi orduetan. Horiek guztiek ematen diote zentzua ibaiari. Horrek, eta zaintzen duen orok, baloratzen duen orok. “Zoragarria izan da”, azaldu du Elizasuk. Bihotza beteta jaso ditu kanoak, eta bihar arte itxarongo du, hurrengo bisitariek txalekoak jantzi arte.