'Go!azen' telesailaren denboraldi berriaren estreinaldia hartuko du belodromoak Zinemaldian, besteak beste
Sarrerak asteartean, hilaren 20an, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, Zinemaldiaren webgunean. Zinemaldiaren amaierako ekitaldiko sarrerek 15 euroko prezioa izango dute, eta, gainontzekoek 8,75 eurokoa.
Zinemaldiak iragarri ditu dagoeneko aurten belodromoan eskainiko dituen proiekzioak; jaialdiko aretorik handiena da belodromoa, 3.000 plazatik gora baititu. Horrela, Celeste telesailaren eta Go!azen-en hamaikagarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldiak proiektatuko dituzte bertan, baita Marco –Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion film luzea− eta Sail Ofizialaren amaierako filma ere, oraindik iragarri ez dutena. Horrez gain, Euskadiko Orkestrarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatu ohi duten Kontzertua & Proiekzioa egitasmoa egingo dute belodromoan —arratsaldez, lehen aldiz—, baita Ikastetxeak Belodromoan egitasmoaren goizeko saioak ere.
Diego San Jose (Irun, 1978) da Celeste telesailaren sortzailea. Sei ataleko lana da, Elena Trapek (Bartzelona, 1976) zuzendu du eta osorik proiektatuko dute belodromoan, irailaren 22an, 18:00etan. Ogasuneko ikuskatzaile batek, Carmen Machik antzeztua, erretiratzear dagoela, enkargu bat jasoko du: musika latinoamerikarreko izar batek Ogasunari iruzur egin diola frogatu beharko du.
Go!azen-i dagokionez, irailaren 27an proiektatuko dute hamaikagarren denboraldiko lehenengo atala, 18:30ean. Iaz egin zuten moduan, emanaldiaren aurretik protagonisten zuzeneko emanaldi batez gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Itziar Gomezek (Errenteria, 1964) zuzendu du Basakabi udalekuan kokatutako abentura musikalen emanaldi berri hau. Ohiko interpreteak agertuko dira bertan, aktore berriez gain, hala nola, Sara Cozar.
Marco filma jaialdiaren azken egunean proiektatuko dute, irailaren 28an, 18:45ean. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako filma Veneziako Mostrako Orizzonti sailean programatua izan da. Eduard Fernandez du protagonista eta Enric Marcoren benetako istorioa kontatzen digu: bere biografia faltsutu eta Flossenburgeko kontzentrazio esparrutik bizirik atera zelako plantak egin zituen Marcok.