Igeldoko frontoiko pintaketak gaitzetsi dituzte hainbat agintari politikok
Larunbatean, Igeldoko frontoia Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Denis Itxaso eta Bingen Zupiria sailburuen aurkako pintaketez beteta agertu zen. Irainak eta mehatxuak irakur daitezke hormetako pintaketetan, eta gorpuen siluetak daude margotuta lurrean. Eneko Goia alkateak Aste Nagusiaren balantzea egiteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, ahalik eta azkarren kenduko dituzte pintaketak.
Horren aurrean, pintaketak gaitzetsi dituzte hainbat agintari politikok, hala nola, Eneko Goia alkateak: “Hiri honetan ez da sartzen bizikidetzaren antipodetan eta defendatzen dugun Donostia pluralean dauden horrelako portaera eta mehatxurik”, adierazi zuen igandean sare sozialetan. Ildo beretik jo zuen Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak: “Onartezina guztiz. Kaltegarria Igeldorentzat eta behar dugun elkarbizitzarentzat. Mehatxuak salatzen ditugu, eta gure elkartasuna helarazten diogu Bingen Zupiriari”.
Bestalde, pintaketak gaitzetsi dituzte, baita ere, Marisol Garmendia udaleko zinegotzi ohi eta egungo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak eta Jose Ignacio Asensio aldundiko diputatuak.