Txomiñeneko eraso matxista gaitzetsi du udalak
Donostiako Udaleko talde guztiek erakunde adierazpen bat plazaratu dute, asteburuan Txominen gertatutako eraso larria gaitzesteko. Hain zuzen ere, gizon bat atxilotua izan zen, bere emaztea hiltzen saiatzeagatik. Gizona ertzaina da, eta etxean saiatu zen emakumea erailtzen, euren adin txikiko alabak bertan zeudela.
Horrela, lehenik, udalak adierazi du “erabateko irmotasunez” gaitzesten duela erasoa: “Gure hirian gertatutako emakumeen aurkako indarkeriak eragindako beste gertaera bat izan da, are larriagoa adin txikikoak bertan izanik”.
Bigarrenik, “babesa eta elkartasuna” adierazi die “eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere”. “Udalak indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela”, gehitu du.
“Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik gertatzen diren emakumeen aurkako indarkeria jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”, gaineratu du udalak hirugarrenik.