'17. logela' ihes gela ibiltaria Donostian egongo da asteburuan
Euskaraz barra-barra egitasmoaren barruan, 17. logela ihes gela ibiltaria jarriko dute asteburu honetan Donostian, hilaren 23tik 25era; ostiralean eta larunbatean Bulebarrean jarriko dute eta igandean Gipuzkoa plazan. Parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik izena ematea.
Ostiralean, hilaren 23an, arratsaldez egongo da jokoan parte hartzeko aukera, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandean goizez (10:00-13:00) zein arratsaldez (17:00-20:00). Horrela, udaleko Euskara Zerbitzuak azaldu duenez, hauek dira momentuz libre dauden txandak: 23an, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan; 24an, 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan; eta, 25ean, 10:00etan, 13:00etan, 17:00etan, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan.
Ihes gelaren helburua da “aisia euskaraz gozatzea bermatuko duen formatu erakargarri bat eskaintzea”, Euskara Zerbitzuak azaldu duenez. Gehienez, 16 urtetik gorako bost lagun onartuko dituzte taldeko, eta 40 bat minutu izango dituzte ihes gelatik irteteko; euskara ulertu edo hitz egiteko gai den edonork hartu dezake parte.
Horrela laburtu daiteke ihes gelaren istorioa: Thotel luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen mundu osoan zehar eta, urteurren biribil honetan, ibiltari bilakatu da, herritar guztiei bere izara artean lo egiteko pribilegioa eskaintzeko.
Euskaraz barra-barra
Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak (merkataritza nahiz ostalaritza establezimenduak) identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskal hiztunen estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabaltzen ari den egitasmoa da.
Iaz, Donostian egin zituen lehen urratsak proiektu honek eta, ordutik, Euskal Herri osoko herri eta hirietara zabaltzen ari da. Euskaraz barra-barraren koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Era berean, koordinazio mahaiaz gain, Euskal Herriko erakunde publiko zein pribatu ugarik, tokian tokiko euskara batzordeek eta hamaika boluntario eta entitatek ere osatzen dute egitasmoaren antolakuntza.