Antiguako pilota txapelketa multzoen faseko azken txanpan murgilduko da

Antiguako pilota txapelketa, urteroko legez, abian da, eta multzoen faseko azken txanpan murgilduko da gaur, hilak 20. Hain zuzen ere, gaur eta bihar jokatuko dira fase horretako azken partidak, 19:00etatik aurrera Antiguako frontoian, eta horren ondoren jakingo da zeintzuk izango diren finalerdietako partida guztiak.
Gaur, lehenik, Andoni Sarasibar eta Mikel Leoney Xabier Rekalde eta Oier Elorzen aurka arituko dira. Sarasibar-Leoney bikoteak irabazi egin behar du, finalerdietan egon nahi badu; Rekale-Elorz bikoteak, aldiz, nahikoa du hamabi tanto egitearekin. Azken bikote horrek irabaziko balu, bestalde, Lizeaga-Garaño bikoteak aukerak izango lituzke finalerdietarako sailkatzeko.
Neurketa horren ondoren, Fermin Arribillaga eta Antton Apezetxea Iker Egiguren eta Iñigo Erleren aurka lehiatuko dira, seniorretan. Irabazten duen bikotea Gutierrez-Bernaola bikotearekin neurtuko da finalerdietan, biek galdu egin baitzuten Hormaetxe-Landa bikotearen aurka.
Asteazkenean, bestalde, Oihan Etxeberria eta Julen Sotil Mikel Aranbarri eta Endika Santestebanen aurka arituko dira. Lehenengo bikoteak nahikoa du hamar tanto egitearekin, finalerdietarako sailkatzeko; bigarrenak, aldiz, neurketa irabazi behar du, gehienez 22-20. Seniorretan, Jorge Fernandez eta Adrian Azpiroz Josu Olaetxea eta Unai Albenizen aurka lehiatuko dira, eta irabazten duena finalerdietan egongo da, Hormaetxe-Landa bikotearen aurka jokatzeko.