Aquiles, Pirata eta Portu olatuekin dantzan dabiltza, berriz ere
Lau hilabetez egon dira Caretta Caretta espezieko dortoka hauek Donostiako Aquariumean berreskuratze prozesuetan, eta gaur itzuli dituzte itsasora.
Apirila eta ekaina artean iritsi ziren Aquiles, Pirata eta Portu Donostiako Aquariumera. Ahul zeuden, indarrik gabe eta arnas infekzioekin. Lau hilabetez egon dira berriro indartzen, eta gaur itzuli dituzte itsasora, badiatik bi miliatara. Aquariumeko senitartekoen laguntzaz ekarri dituzte dortokak ontziralekura, eta Aitona Julian itsasontzian hasi dute bidaia, dortokak askatzeko.
Satelite transmisore bat ipini diete dortokei oskolean, denboran zehar beraien migrazioei eta jarduera biologikoei buruzko ezagutzak areagotzeko. Tragsatec enpresa arduratzen da dortokei antena jartzeaz, eta animaliaren joan etorriak ikusten dituzte horrela: informazioa jasotzen dute, nola zaindu jakiteko.
Ezohiko egoera bat
Aurtengo egoera “ezohikoa” dela adierazi du Esther Irigarai Aquriumeko zuzendariak. Izan ere, normalki, ez dira dortoken iritsierak erregistratzen; bakarren bat, akaso. Aurten, hamar aldiz biderkatu da kostaldera iritsi diren dortoken kopurua, eta Aquiles, Pirata eta Portuz gain, beste bi dauzkate oraindik Aquariumen, zaintza prozesuetan: Goyu eta Laida. Goyu Bizkaian agertu zen, eta han askatzeko asmoa dute; Laida, berriz, oso ahul dago oraindik, eta datorren urtean askatzea aurreikusten dute.
Iaz, dortoka bakarra artatu behar izan zuten, Bermiu, eta gaur egun, oraindik ere, bere datuak jasotzen dituzte, ipinitako satelite transmisoreari esker. Galiziara iritsi zen, baina Kantauri itsasora bueltatu zen, profesionalen harridurarako. Cabo Verdera iristea aurreikusten zuten, baina inguruko uretan gelditzea erabaki zuen Bermiuk.
Aquiles, Pirata eta Portu
Ezkerreko hanka zati bat falta zitzaion Aquilesi, iritsi zenean; hortik dator bere izena. Apirilaren 13an agertu zen, arnas infekzio txiki batekin, eta 1.690 gramo eta 22 zentimetroko luzerarekin. Lau hilabeteko tratamendu zorrotz baten ondoren, 2.150 gramoko pisura heltzea lortu du. Pirata, aldiz, apirilaren 22an agertu zen, Mutrikun (Gipuzkoa). Begiko infekzio batekin iritsi zen, pneumoniarekin eta oskola algaz beteta. Sareusek —Euskadiko itsas espezieak lehorreratzeko eta erreskatatzeko sarea— eraman zuen Aquariumera, eta, geroztik egon da indarberritzen. Azkenik, Portuk Donostiako kaian agertu zelako du izen hori. Hiruretatik handiena da, eta biriketako infekzio larri batekin iritsi zen Aquariumera. Hirurek jaso duten zaintza ezinbestekoa izan da gaur itsasora itzuli ahal izateko.
Zaintza prozesuak
Profesionalen eskuetan egon dira dortokak, udaberriaz geroztik. Odol analisi eta erradiografiak egin zizkieten iritsi zirenean, beren egoerari buruz datu gehiago edukitzeko. Jateko osasungarria eman eta beharrezko tratamenduak jarri zizkieten, gaur egun duten indarra berreskuratzeko. Aquariumeko lantaldearen “lan nekaezina” azpimarratu nahi izan du Irigaraik, dortokei eskainitako denbora eta mimoarengatik.
Bi urte daramatza Sareus elkarteak Euskal Herriko kostaldera iristen diren animaliez arduratzen; izan ere, badirudi, kostara iristen diren animaliak ahul daudelako iristen direla, gaixo, Manu Soto fundazioko kide eta Plentziako itsas estazioko zuzendariordearen hitzetan. Esan duenez, Karibe ingurukoak dira dortokak, euren ustetan. Atzerrira egiten dute igeri eta helduak direnean, berriro itzultzen omen dira bere jaioterrira.
Animalia ugari iristen dira kostaldera, hainbat espezietakoak, baina hori ahul dauden seinale denez, garrantzitsua da jakitea zer egin behar den egoera horretan. “Intentzio onarekin gerturatu arren, batzuetan ez dugu asmatzen, eta garrantzitsua da jakitea nola zaindu ditzakegun animalia horiek”, adierazi du Sotok. 112ra deitu behar da eta beraiek arduratuko dira egoera kudeatzeaz; izan ere, animalia horiek gaixo badaude eta ukitzen badira, gaixotasun hori transmititu daiteke.
Argazki galeria txiki bat egin dugu, baina itsasoratzea ikusi nahi baduzue gure Instagrameko kontuan duzue ikusgai.