Emaztea erailtzen saiatu zen ertzainak sexua aldatu zuen 2023ko azaroan
Prozesu judiziala baldintzatzen du horrek; izan ere, emakumea izanik, ezin diote indarkeria matxista egotzi.
Larunbatean pasatu zen bere emaztea erailtzen saiatu zen ertzaina epailearen aurretik, eta jakina da honek urruntze agindua ezarri ziola. Mehatxu larriak egotzi zizkion, biktimak senideak izateak dakarren larritasunarekin, eta aske dago orain, karguekin. Sei hilabete eta bi urte bitarteko kartzela ekar ziezaiokeen horrek. Hala ere, epaileak esan duenez, gertakaria ezin da indarkeria matxistarekin lotu; izan ere, sexua aldatu zuen ertzainak 2023ko azaroan eta orain emakumea da.
Zenbait hedabidek adierazi dutenez, lehenagotik ere salatu zituen emazteak tratu txarrak, baina ertzainaren sexu aldaketa horrek prozesu guztia baldintzatu du. Trans legea aprobatu zenean aldatu zuen ertzainak sexua, eta horretarako, nahikoa da erregistro zibilean “benetako nahia” adieraztea, izena eta itxura aldatzeko beharrik gabe. Erasotzaileak legeari iruzur egiteko egin ote zuen ikertzen ari da orain Gipuzkoako Fiskaltza.
EH Bilduk irmo salatu du gertatutakoa indarkeria matxista dela (bikote zein alabekiko), eta ertzainak Trans legearen ustez iruzur egin diola, “indarkeria matxistaren kontrako legeari iskin egiten saiatzeko”. “Tratu txar jokabideak aspalditik badatoz edo jokabide ezegokien aurrean egiten den “estrategia” dela argitzen bada, erasotzaileari Trans Legeak barneratzen duen agrabantea ezarri beharko zaio, are gehiago funtzionario publiko izanda egiten badu”, esan du Izar Hernando koalizioko zinegotziak.
Sexua aldatu baino lehen burututako delitu guztiak gizon gisa epaitu behar zaizkio ertzainari, sexua legez aldatzeak ez duelako baldintzatzen horren aurretik egindako delituak epaitzeko modua. Emazteak lehenagotik tratu txarrak jasaten zituela adierazi duen honetan, indarkeria matxistatzat hartu daitekeela uste du fiskaltzak, eta ertzainak legeari iruzur egiteko aldatu badu sexua, aldaketa bertan behera geratuko litzateke. Oraingoz, eta zerbait gehiago jakin bitartean, urruntze agindua mantendu eta aske jarraituko du.