Ilustrazioekin jolasean, Donostiako Santa Teresa komentuan
Irene Irureta, Maite Caballero, Ane Arzelus, Arrate Rodriguez eta Sandra Garaioaren ilustrazioak bildu dituzte 'Gutxi esan, asko jolastu' erakusketan. Donostiako Santa Teresa komentuan jarri dituzte lanak, eta irailaren 8ra arte egongo dira ikusgai.

Adineko bi lesbianaren limoiondo bat, munstro «naifak», kateatutako edertasun anitz… Donostiako Santa Teresa komentuko Ataria gunean sartu, eta askotariko formaz eta kolorez betetzen hasten dira ikuslearen begiak. Ez da hitzik kasik, ordea; ezpada irudiak: zehatzago, ilustrazioak. Jolas egiteko gonbita egiten duten obrak dira. Ilustrazioaren kategorian iaz Egile saria jaso zuten bost artista plastikoren lanak aurkeztu dituzte Gutxi esan, asko jolastu erakusketan. Irene Irureta, Maite Caballero, Ane Arzelus, Arrate Rodriguez eta Sandra Garaioak jarri dituzte euren lanak ikusgai, eta irailaren 8ra arte bisitatu ahalko dira.
Beren proiektuetan —argitalpenak, produkzio grafikoa eta marrazkiak— aniztasunari, zaintzari, gorputzaren bidez nortasuna eraikitzeari zein norberaren unibertsoari leiho bat irekitzen diote erakusketako bost artista protagonistek. Egile(ak) zikloaren bigarren eta azken erakusketa da ireki berri dutena —lehena, Bidegurutzeak izenekoa, uztailean egin zen—, eta helburu bikoitza du: batetik, ikusgarritasuna ematea sarituak izan diren artistei; eta, bestetik, Santa Teresa komentuan espazio bat eskaintzea artearen eta sorkuntzaren alorrari.
Feminismoa ardatz, erakusketak ilustratzaileen prekaritatea azaleratzea ere badu xede. «Artistei azken emaitzagatik ordaintzen zaie, baina erdibideko sormen prozesuagatik ez», azaldu du Ainara Martin erakusketaren komisarioak. Horregatik, artista bakoitzaren obren alboan, lana burutzeko sortu dituzten bozetoak jarri dituzte. Ilustratzaileen %80 emakumeak direla nabarmendu du Martinek.
Erreportaje hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.