Joan Mari Irigoien, Altzako hormetan bizirik
Iazko maiatzean zendu zen Joan Mari Irigoien idazle altzatar maitatua, eta haren omenezko horma irudi bat egin berri dute Altzako kaskoan, Txapiñene kalean. Hi bizi haiz, hi! du izena lanak, eta Nestor Otaño Nexgraff artista pasaitarrak egin du.
Artistak berak sare sozialetan azaldu duenez, Irigoienen lagunen eskutik etorri da omenaldia: “Joan Mari Irigoien euskal idazle handiari bere lagunek Altzan egindako omenaldia. Mila esker Izko Lekuona proiektua bultzatzeagatik! Eta nola ez, bere familiari hain gertukoak izateagatik”. Halaber, margotze lanen prozesua nolakoa izan den erakusten duen bideo bat argitaratu du sareetan; hemen ikus dezakezue.
Horma irudi honez gain, iazko maiatzetik hona, Altzan, zenbait aldiz omendu dute Irigoien; besteak beste, abenduan, idazlearen omenezko plaka bat jarri zuten, zuhaitz bat landatzearekin batera.
Nexgraff, baita Herreran ere
Irigoienen omenezkoaz gain, Nexgraffek beste lan bat egin berri du Altzan; zehazki, Herrerako tren geltokian: Bidaiariak serieko lehena, artistak sareetan azaldu duenez: “Askotan beren munduan murgilduta dauden bidaiarien esentzia islatu nahi duen horma irudia. Trenez bidaiatzeak behatzea eta amets egitera gonbidatzen du, eta batzuek denbora galtzea dela uste duten arren, askok esperientzia terapeutikotzat dugu, bidean hausnartzeko eta ihes egiteko aprobetxatuz”.
Gero eta ezagunagoa den artista da pasaitarra, eta 2023an, Tolosan eta Ibarran egindako horma irudi bana munduko 50 horma irudi onenen artean lehiatu ziren. Bestalde, Altzan bertan (San Martzial plazan), Mikel Zabalzaren eta torturatu guztien omenez 2020an egindako Mikelen Txokoa ere bere obra da.