Matrioxka oholtzan
Estazio ugaritan izan ohi du geldiunea Donostiako Musika Hamabostaldiaren udako tren musikariak. Badira tartean eliza dotoreak, auditorio eleganteak ala konbentzionalismotik at kokatzen diren klaustro ala bestelako txoko bereziak. Bada, ordea, guztien artean paregabea iruditzen zaidan bat. 1912an, Francisco Urcola arkitekto donostiarraren ideiei jarraituz eraiki zen Viktoria Eugenia antzokiaz ari naiz, hain zuzen. Ideala da ibai ertzean kokatutako eraikin neoerrenazentistak bere baitan hartzen duen aretoa, bai tamaina neurtuagatik eta baita soinuari lekuak eskaintzen dion kalitatearengatik. Marc Chagallek Garnier opera paristarrean eginikoa gogoratzen digute, estiloz zerikusirik ez duten arren, sabaian kokaturiko margo zerutiarrek eta lanpara distiratsuak. Elena Odriozolak ere elementu zentral horixe bera erabili zuen duela zenbait urte Hamabostaldiko bere kartel alaia burutzeko. Urumea altzoko ikono bat, alajaina, eta luxuzko markoa atzoko kontzertu bikainerako.
Bikaina diot, txirrindulari batek porturik gorenena nola, horrela igo zituelako Alexandra Dovgan pianista errusiar gazteak paperean proposatu zuen programak bidean jarritako bihurgune itxi eta aldapa gogor guztiak. Ludwig van Beethovenek bere bizitzaren hondarrean idatzitako azken pianorako hiru sonatetatik bigarrena aukeratu zuen talentu gazteak gaua irekitzeko. Eszenatokira keinu hotzarekin hurbildu ondoren, hiru ataleko sonata gorena modu berean hasi zuen. Bolumen gama asko zabaldu gabe, pedalaren erabilera justuarekin; ahula zirudien antzoki zaharreko pianoari zeriona. Egia da konplexutasun nabarmeneko lanak direla Beethovenek bere instrumentu nagusirako idatzitako azken hauek. Originala da bertan Bonnekoak iradokitzen duena: armonia berritzaileak, ezusteko isilune eta geldialdiak, ala pianoaren tratamendu bestelako bat. Sendoago iritsi zen Dovgan azken fuga itzelera, non gaiak ederto zizelkatzen joan zen amaigabea dirudien eraikuntza kontrapuntistiko aberatsa argituz.
Lehen geruzak kenduta, matrioxka baten barnean aurkitzen diren pertsonaien tankeran, interprete berri bat zirudien Robert Schumannen pianorako bigarren sonatari aurre egin zionak. Beste sonata bat, pentsatuko du irakurle batek baino gehiagok. Erronka itzela da pianorako idatzitako literatura musikalean atal bereizi batekin nabarmentzen diren obra konplexu hauen interpretazioa. Sonatak guztia hartzen du barnean, tempo desberdinen talka jasatearen eta era berean koherentzia diskurtsiboa mantentzearen arteko marruskadurak bere gain hartu behar izaten baititu piano jotzaileak. Oraindik erabat solte ez egon arren, jada soinu osoago bat oparitu zigun Dovganek Schummanen orrietan. Ondo kontrolatutako tempo biziek eta tarteko andantino gozoak bide eman zien Moskuko kontserbatorioko azterketa zuhur baten itxura hartu zuen lehen atal eskolastikoagoaren amaierari eta kontzertuaren tarteko atsedenaldiari.
Hamabostaldian, kontzertuen pausetan ohikoak diren enkontru eta hizketaldi abegitsuak behin pasatuta, matrioxkari atal berri bat ezagutu ahal izan genion errezitalaren bigarren partean. Deskantsuaren ondorengoa, maisuki interpretatua izan zen orokorrean. Programak jada musikari gaztearen jatorriari egiten zion keinu eta nabaria izan zen Serguei Rachmaninov eta Aleksandr Skriabinen musikarekin Grigori Sokolov handiaren dizipuluak duen batura. Johann Sebastian Bachen Preludioa, gabota eta giga lan transkribatuarekin hasi zuen Dovganek bere transmutazio propioa. Itzel marraztu zituen Bachek jatorrian biolinerako idatzitako piezaren trazak pianoan, eta garbitasuna eta musikaltasun fina bat izan ziren giga bizian. Aperitibo ederra zetorrenerako. Jarraian, Arcangelo Corelli biolinista italiarraren motibo baten gainean idatzitako bariazio birtuosistikoak izan zituen jada gailurrera iristear zen etaparen hurrengo estualdi errusiarrak.
Gaia modu soilean aurkeztu ondoren, zoragarria da Rachmaninovek berau marruskatu, tolestu, birrindu eta nota txiki pilaren artean berriro argitara ateratzeko duen gaitasuna. Taula gainean lanean ziharduenak obra honetan erakutsi zituen hortzak, sufrikario betean den txirrindulariak nola. Beethovenekin izaniko soinu ito hura ahaztuta, itzela izan zen Dovganek baxuekin eta sorbalda indartsuekin entzuleoi helarazitakoa. Obra ez hain ezaguna izanagatik ere, pianista gazteak modu dotorean aurkeztu zigun berau. Behin tarterik krudelena igarota, gauak aurretik azken kutixia bat zuen, matrioxkak oraindik azken panpina ñimiñoa gordea baitzuen barnean. Han non agertu zen piano jotzaile heldu bezain egina, Skriabinnen bigarren sonata liluragarria interpretatzen. Goia jo zuen gauak hor. A ze musika egiteko manera. Izugarri gustatu zitzaion lerrook idazten dituenari Dovganek azken pieza honetan egin zuena. Kapa ezberdinak aise nabarmenduz, bi instrumenturekin jolasean ari zen matrioxka barnean ezkutuan zen musikari erraldoi hura. Txundigarria.
Txalo jasa ederra jasotzen zihoan eszenatokira ateratzen zen heinean, helmugara iritsi berria zen eskalatzaile pianistikoa. Ez zen nabarmentzen izerdirik, ez poz keinurik ere. Horixe da, ziurrenik, 17 urterekin mundu osoko taulen gainean ibiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa. Esfortzua eta lana lehenik, gozamena eta poz neurtua ondoren. Matrioxkak bere baitan oraindik lau opari txiki —gehiegi, programaren dentsitatea kontuan izanik— ezkutatuak zituen. Chopin eta Schuberten doinuen artean, antzokiko margo magikoei begira amaitu zuen batek gaua, ponposidade eta distiren garaian, oholtza huts batean piano soil batek oraindik izan dezakeen indarraz jabetuta.