1960ko eta 1970eko hamarkadetako hemeretzi film kubatar ikusi ahalko dira Zinemaldian
Irailaren 20tik 28ra izango da Donostiako 72. Zinemaldia, eta Klasikoak programaren barruan, En La Otra Isla zikloa antolatu dute. Bertan, 1960ko eta 1970ko hamarkadetan egindako hemeretzi film kubatar zaharberritu proiektatuko dituzte —hemezortzi film labur eta ertain eta luze bat—, bost saiotan. . Zinemaldiark, Elias Querejeta Zine Eskolak (parte hartu du zaharberritzean) eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, elkarlanean
Filmetako asko lehenengo aldiz ikusiko dira estatuan zein munduko estreinaldi gisa, eta Kubako zenbait erakunderen (Cinemateca de Cuba, ICAIC, zinemagileak eta partikularrak) eta nazioarteko erakunde hauen elkarlanaren ondorioz eman ahalko dira: Elias Querejeta Zine Eskola bera, Kanadako Vulnerable Media Lab/Queen’s University, Alemaniako Arsenal-Institut für Film und Videokunst, Madrilgo Altahabana Films, Archivistas Salvajes kolektiboa (Kuba-Donostia) eta Frantziako Institut National de l’Audiovisuel.
Elias Querejeta Zine Eskolak Tabakaleran duen zinema areto berrian proiektatuko dira filmak, eraikinaren beheko solairuan, eta Sara Gomezen De cierta manera filmarekin itxiko dute. Berezia da lan hori, emakume kubatar batek zuzendutako lehen film luzea baita, 1977an Zinemaldiko Auzoak eta Herriak atalean aurkeztua eta Behin bakarrik bizi daiteke (1988) atzera begirakoan berreskuratua.
Bost saio
Bost saioetako lehena Ona da hau Habanan ikustea izango da, eta bi film proiektatuko dituzte: Ociel del Toa (Nicolas Guillen Landrian, 1965) eta En la otra isla (Sara Gomez, 1968). Bigarrena, Nire odol guztiak Mozambike oihukatzen du izango da, eta film hauek ikusi ahalko dira bertan: El negro (Eduardo Manet, 1960), En un barrio viejo (Nicolas Guillen Landrian, 1963), Una tradición centenaria (Miguel Secades, Rudis Reyes eta Rafael Torrens, 1990), Iré a Santiago (Sara Gomez, 1964) eta Coffea Arábiga (Nicolas Guillen Landrian, 1968).
Zikloko hirugarren saioa Bigarren eskua izango da eta sei lan emango dituzte: Distribuidores de veneno (Fragmento de Noticiero ICAIC Latinoamericano nº 49) (Alfredo Guevara, 1961), Isla del tesoro (Sara Gomez, 1969), L.B.J. (Santiago Alvarez, 1968), 79 primaveras (Santiago Alvarez, 1969), Oración (Marisol Trujillo, Miriam Talavera eta Pepin Rodriguez, 1984) eta Nace una plaza (Miguel Secades eta Miguel Garcia, 1988).
Laugarren saioaren izena Kubak lan egin eta ondo pasatzen du da, eta film hauek proiektatuko dituzte bertan: Los del baile (Nicolas Guillen Landrian, 1965), … y tenemos sabor (Sara Gomez, 1967), Poder local, poder popular (Sara Gomez, 1970), Taller de línea y 18 (Nicolas Guillen Landrian, 1968) eta Reportaje: Plenaria Campesina (Nicolas Guillen Landrian, 1966). Azkenik, Nolabait ere izango da bosgarren eta azken saioa, eta Sara Gomezek 1974an ondutako De cierta manera film luzea eskainiko dute. Film guztien inguruko informazio zabalagoa aurkituko duzue Zinemaldiaren webgunean.