%4,5 turismo sarrera gehiago izan ditu Donostiak uztailean
Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak uztailean izandako turismoaren inguruko datuak argitaratu ditu Eustat Euskal Estatistika Institutuak, eta, Donostiaren zein Gipuzkoaren kasuan, azken urteotan baino modu apalagoan bada ere, turismoak hazten jarraitzen du, iazko uztailarekin alderatuta. Hain zuzen ere, betetze mailetan kenduta, Eustatek neurtu dituen gainontzeko parametroetan igoerak izan ditu Donostiak.
Alde batetik, 2023ko uztailean baino %4,5 turista gehiago sartu dira Donostian 2024koan, 98.299 sarrerarekin. Gipuzkoakoak %0,2ko igoera izan du parametro horretan, eta jaitsierak izan dituzte, aldiz, Bizkaiak (%2,6), Bilbok (%3,1), Arabak (%5,2), Gasteizek (%4,8) eta baita Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) bere osotasunean ere (%1,8).
Halaber, gaualdiei dagokienez, Donostia izan da igoera handiena izan duena, iazko uztailaren alderatuta, %8,1 igo baitira hiriko gaualdiak (237.615 gaualdi). Datu orokorragoak aintzat hartuta, Gipuzkoan, %2,7 igo dira gaualdiak (356.005 gaualdi), eta, EAEn, %1,8 (818.058 gaualdi). Parametro horretan, jaitsiera izan duen eremu bakarra Bilbo izan da, %0,9ko jaitsierarekin.
Azkenik, turisten batez besteko egonaldia iazko uztailekoaren antzekoa izan da, bai Donostian eta bai gainontzeko eremuetan, baina denetan igo da pixka bat. Donostiaren kasuan, 2,34 egunekoa zen batez besteko egonaldia iazko uztailean, eta 2,42koa izan da aurtengoan.
Diru sarrerak
Establezimendu turistikoen betetze maila eta errentagarritasuna ere aztertu ditu Eustatek. Horrela, Donostiak igoera izan du, baita ere, plaza turistikoen tarifen batez besteko prezioan uztailean, iazko hilabete berarekin alderatuta. ADRaren edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtuta —bainugela duen logela bikoitz bati aplikatua, ostatu erregimenean—, 212,30 eurokoa izan da batez besteko prezioa hirian (%1,8 gehiago), eta RevPar edo gela eskuragarri bakoitzeko batez besteko diru sarrerak 191,89 eurokoak izan dira (%1,3 gehiago). Parametro horretan, hazkundea izan da gainontzeko eremuetan ere; Gipuzkoan, esaterako, %6,1 (ADR) eta %2,8 (RevPar) igo dira diru sarrerak eta, EAEn, %7,7 (ADR) eta %6 (RevPar).
Betetze mailari dagokionez, Donostian, plazen arabera, %1,2 jaitsi da. Logelei dagokienez, aldiz, %0,4 jaitsi da betetze maila hirian. Kasu honetan, antzeko jaitsierak izan dira, baita ere, EAEn, Gipuzkoan, Bizkaian, Bilbon, Araban zein Gasteizen.
Desazkunde turistikoa
Datu horien aurrean, Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak nabarmendu du “beharrezkoa” dela hiri eredua aldatzea: “Ostalaritzako patronalen eta turistifikazioa bultzatzen duten erakundeen aurreikuspenak ez dira bete. 2024ko uztailean, Donostiako jarduera turistikoak hazten eta garestitzen jarraitu du. Arriskuan gaude eta hiri eredua desazkunde turistikorantz bideratzea beharrezkoa da”, adierazi dute sare sozialetan. “Desazkunde turistikoa bultzatzeko antolatu behar gara. Gure bizi baldintzen kontura aberasten ari dira”, gaineratu dute.