Abuztuaren 31ko ekitaldiak 'The Siege of Saint Sebastian' partitura aurkitu berriaren emanaldiarekin hasiko dira
Igande honetan egingo dute Abuztuaren 31ren inguruko lehenengo ekitaldia, eta hurrengo astean zehar ere zenbait jarduera antolatu dituzte, ohiko desfileaz gain.
Astebete eskas baino ez da gelditzen Abuztuaren 31rako, eta, ohiko legez, 1813ko abuztuaren 31ko gertakariak oroitzeko ekitaldi ugari antolatu ditu udalak hirian. Gogoratu behar da armada aliatuak (Ingalaterra, Espainia eta Portugal) hiria setiatu, erre eta sarraskia gauzatu zuela egun hartan, eta soilik egungo Abuztuak 31 kalea gelditu zela zutik; Donostiaren historia betirako aldatu zuen horrek.
Aurten, berritasun gisa, The Siege of Saint Sebastian obra zuzenean interpretatuko dute, igandean udaletxean egingo duten kontzertuan. Joxe Mari Oiartzabal Belokik egin ditu moldaketak, eta Xarma hari laukoteak interpretatuko du. 12:00etan izango da emanaldia, eta beste bost piezarekin osatuko dute kontzertua: Donostiako Hiru Damatxo, Gernika, Tupperen karga, 3. Hari Laukotea Fa Maiorrean (op73) eta Gogoan zaituztegu. Ikuskizunaren sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskatu behar dira —bakoitzak, gehienez lau—, Donostiako Festaken Plaza Berriko bulegoan (09:00-14:00, hilaren 22an eta 23an). Igandean bertan, 50 gonbidapen jarriko dituzte eskuragarri udaletxean; aretoaren edukiera 210 lagunekoa da.
Jose Maria Leclercq Donostia 31 Kultur Elkarteko ordezkari eta 1813ko sarraskiaren ikerlariak azaldu duenez, obraren partiturak hiru zati ditu, eta horietako bat da berriki aurkitu eta igandean interpretatuko dutena. Hain zuzen ere, Ainhoa eta Roman Garridok Interneteko enkante baten bidez eskuratu zuten, eta aurkikuntzaren garrantziaz jabetu zirenean, Leclercqekin harremanetan jarri ziren. Pieza ezezaguna da orain arte, eta udalak azaldu duenez, hiru zatiak, osorik, Londresko British Library funtsean daude.
Thomas Haigh konpositore ingelesarena da obra. 1769an jaioa, Joseph Haydn maisuarekin hezi zen musikan, 1791ean eta 1792an. Hainbat iturriren arabera, Haigh 1808an hil zen, Donostiako suntsiketaren aurretik, baina udalak ziurtatu duenez, “datua ez da zuzena”, ondorengo konposizioak baititu, hala nola, Donostiako setioari buruzko hori. Beste iturri batzuen arabera, 1815 eta 1819 urteen artean zendu zen konpositorea.
Obra “Divertimento Militar” bat da, eta garai hartan Ingalaterran zabaldu zen korronteetako batean kokatzen da, hain zuzen ere, suntsiketaren erantzuleak frantsesak eta donostiarrak, kolaborazionista gisa, izan zirela zioena, eta ez tropa aliatuak. Horrela, tropa aliatuak, sarraskiaren benetako erantzuleak, goraipatzea da korronte horren helburua.
Hitzaldiak, erakusketa eta desfilea
Berritasun horretatik harago, ohiko legez, hainbat jarduera antolatu dituzte hurrengo asterako. Alde batetik, hilaren 24tik 30era, 1813ko abuztuaren 31ko gertakarien inguruko erakusketa ikusgai egongo da San Jeronimo kaleko kriptan, goizez zein arratsaldez (igandean, soilik arratsaldez).
Bestetik, lau hitzaldi antolatu dituzte, kriptan bertan, 19:00etan: hilaren 27an, Aranzadi Zientzia Elkarteari aitorpena egingo diote, Iñigo Aristegiren 31813 eskultura emanez. 28an, Donostia Konbentzioaren Gerran (1794-1795). Gillotinaren inkognita hitzaldia emango du Jose Javier Pi Chevrot arkitekto doktoreak. 29an, Goikoa espioi donostiarra gerra napoleonikoetan hitzaldia emango du Carlos Rilova historia doktoreak. Azkenik, 30ean, Leclercqek berak azken 25 urteotako bere lanaren emaitza den Donostiako setioa: 1813ko uda hartan liburuari buruz arituko da, azaldu duenez, “azkenean” argitaratuko baita.
Abuztuaren 31n bertan, ohiko jarduerak egingo dituzte, gehienbat. 11:30ean, setioan bizitza galdu zuten donostiarren omenezko meza egingo dute Santa Maria Basilikan, eta, 12:45ean, udal agintariek lore eskaintza egingo dute Portaletaseko Itsas Atean.
Arratsaldean, gerraren antzezpena hasiko da. 16:00etatik 17:00etara, ordu laurdenero, Zurriolan kokatutako tropa ingelesak hiria hartzen saiatuko dira, Urgullen egongo diren napoleondarren aurka kanoiekin tiro eginez. 17:00etan, tropak hurbiltzen hasiko dira, eta kanoi hotsak egongo dira Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren artean. 18:00etan, Donostia 31 Kultur Elkarteak Gipuzkoako Elikagaien Bankua omenduko du, egiten duen lanarengatik, eta, jarraian, oroitzapen desfilea abiatuko da, Zuloaga plazatik.
19:00etan, Bulebarreko kioskoan, hildakoen omenezko minutu bateko isilunea egingo dute, eta, hiriko ereserki zaharra interpretatu ostean, Bulebarretik eta Parte Zaharretik jarraituko dute antzezpenarekin. Bretxan, zenbait pasarte antzeztuko dituzte, baita Plaza Berrian, Santa Maria elizan, San Bizenten eta Zuloagan ere. 21:30ean, horren guztiaren ondoren, ohiko prozesio zibikoa egingo dute, San Bizente elizatik Santa Mariara, tartean zenbait geldialdi eginda. Santa Zezilia, Easo Gazte eta Gaztelupe abesbatzek, Udal Txistulari Bandak, Aiert Beobide dantzariak eta Imanol Artola errezitatzaileak hartuko dute parte, Xabier Otaegiren aurkezpenarekin.