Bi euskaldunen lanak egongo dira Lau Haizetara Foroaren 20. edizioan
Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak bere 20. edizioko proiektuen hautaketa iragarri berri du. Jaialdia 2024ko irailaren 23, 24 eta 25ean egingo da, Donostiako 72. Zinemaldiaren barruan.
Guztira 100 izen emate izan ditu jaialdiak, eta antolatzaileen ustetan, “arrakasta berri baten” seinale da hori. Aurkeztutakoetatik bi euskaldunak dira, eta gainerako hamahiruak Alemaniatik, Kosovotik, Danimarkatik, Perutik, Serbiatik, Italiatik, Frantziatik, Argentinatik eta Espainiatik datoz.
Aurtengo proiektuen kalitatea nabarmendu nahi izan du lantaldeak. Izan ere, proiektu horiek guztiak autore dokumentalak dira eta gizarte gaiak eta nazioartean ikusgarri diren gaiak jorratzen dituzte. “Betidanik izan da hori foroaren sinadura”, azaldu dute antolatzaileek.