Donostiako Asanblada Feministak Txomiñeneako erasoa salatu du
Pasa den larunbatean emaztea erailtzen saiatu zen ertzainaren kasuaren harira, manifestazioa antolatu zuen Donostiako Asanblada Feministak atzorako. Gizartean gertatzen diren, baina, bereziki azkenaldian hirian gertatu diren eraso matxistak salatzeko elkartu ziren Bulebarrean.
Jakina da Txomiñeneko ertzainaren egoera: emaztea bere bi alaben aurren erailtzen saiatu bazen ere, epaileak ez du eraso matxistatzat hartu gertatutakoa, biktimek ez dutelako lesio fisikorik, eta urruntze agindua ezarri zion. Egun batzuetara jakin da, ordea, ertzainak sexua aldatu zuela 2023ko azaroan, eta, hortaz, ezin diotela indarkeria matxistarik egotzi, juridikoki emakume bat baita orain. Sexu aldaketa hori Trans legeari iruzur egiteko baliatu ote duen ari da ikertzen fiskaltza.
Donostiako Asanblada Feministak egoera salatu nahi izan du: “Beste behin, nazkatuta gaude”. Azkenaldian Euskal Herrian gertatu diren erasoak ekarri dituzte gogora elkarretaratzera, baina Txomiñeneko kasuari eman nahi izan diote oihartzunik handiena. Izan ere, erasotzailea ertzaina denez, horrek zeresan handia ematen du gizarte egituraren inguruan: “Argi dago egungo justizia sistemak indarkeria matxistaren biktima oro babes gabe uzten duela. Ustez zaindu behar gaituztenek erasotzen gaituzte inpunitate osoz. Azken hilabeteetan polizia inplikatutako hainbat indarkeria matxista kasuren albisteak jaso ditugu”, azaldu dute.
Txomiñeneko kasuak ekarri duen Trans legeari buruzko eztabaidaren inguruan ere mintzatu da asanblada; izan ere, zalantzan jarri da legea, eta ez horri iruzur egiten dion jendea: “Trans pertsonen eskubideen alde aurrera pauso nabarmen gisa ulertzen dugu legea eta ez dugu onartuko halako kasuek hori zalantzan jartzerik”. Antolakuntzara eta autodefentsara egin dute dei, horrelakorik gehiago gerta ez daitezen: “Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu”.