Erailketa saiakera bat eta hamaika pribilegio: zer gertatu da Txomiñenean?
Txomiñeneko ertzainaren kasuaren informazio guztia eskainiko dizuegu hemen, urratsez urrats eta dagozkion eguneraketa guztiekin.
Abuztuak 17 zituen ertzain bat bere emaztea erailtzen saiatu zenean, Txomiñenean. Kasua esku askotatik pasatu da dagoeneko, eta eman diren iritzi desberdinek eztabaidari paso eman diote, azken egunotan.
Has gaitezen hasierako bertsiotik: “Gizon bat bere emaztea erailtzen saiatu da Txomiñenean, bere bi alabak aurrean zirela”. Jakina denez, eztabaida batek abiatu zuen dena; bikotea etxean zegoen bere adin txikiko bi alabekin, eta eztabaida hori eta gero saiatu zen gizona emakumea sukaldeko labana batez erailtzen, zenbait mehatxuren ostean. Emakumeak negar gasarekin zipriztindu zuen gizona, eta alaba gazteenarekin alde egitea lortu zuen. Martuteneko kartzelako garitan eskatu zuen laguntza, goizaldeko lauak aldera. Gizona, baina, alaba zaharrenarekin lubakitu zen etxean, eta min egitearekin mehatxatu zuen. Agenteek etxebizitzan sartzea lortu eta atxilotu egin zuten, erailketa saiakera bat egotzita.
Hainbat entitatek beren babesa plazaratu zieten biktimei. Donostiako Udalak, kasu, elkarretaratzea antolatu zuen astelehen horretan bertan (hilak 19) udaletxe aurrean, gertatutakoa gaitzesteko: “Gure hirian gertatutako emakumeen aurkako indarkeriak eragindako beste gertaera bat izan da, are larriagoa adin txikikoak bertan izanik”, adierazi zuten. Berdintasunaren aldeko alegatua egin zuten, eta edozein arazoren aurrean emakumeek udaletxeko ateak zabalik dituztela azpimarratu zuten.
Epailearen hitzak
Goizalde horretan bertan gertatu zen atxiloketa, eta epaitegietatik pasatu zen ertzaina. Epailearen hitzak, ordea, hauek izan ziren: “Gertatutakoa ez da erailketa saiatze bat egozteko bezain larria, biktimek ez dutelako lesio fisiko larririk”. Mehatxu larriak egotzi zizkion (alabak aurrean egoteak dakarren larritasunarekin), urruntze agindua ezarri zioten, eta aske utzi zuten azkenean, karguekin.
Sexu aldaketa eta legeari iruzurra
Sei hilabete eta bi urte bitarteko kartzela ekar ziezaiokeen egindako horrek ertzainari. Hala ere, epailearen ustez, gertakaria ezin daiteke indarkeria matxistarekin lotu; izan ere, sexua aldatu zuen ertzainak 2023ko azaroan eta orain emakumea da, juridikoki. Halaber, bere eguneroko bizitza gizon gisa egiten duela azaldu dute zenbait hedabidek.
Lehenagotik ere salatu zituen emazteak tratu txarrak, baina sexu aldaketa horrek prozesu guztia baldintzatu du. Aldaketa baino lehen burututako delitu guztiak gizon gisa epaitu behar zaizkio ertzainari, sexua legez aldatzeak ez duelako baldintzatzen horren aurretik egindako delituak epaitzeko modua. Emaztearen deklarazioen ondoren, ertzainak legeari iruzur egiteko aldatu badu sexua, aldaketa bertan behera geratuko litzateke. Ertzainarena legeari iruzurra izan ote den ikertzen ibili da Gipuzkoako Fiskaltza, baina ikerketaren arduradunek genero indarkeriatzat hartzen dute gertatutakoa eta hala aurkeztuko dute fiskaltzaren eta instrukzio epaitegiaren aurrean.
EH Bilduk irmo salatu zuen asteartean (hilak 20) gertatutakoa indarkeria matxista dela (bikote zein alabekiko), eta ertzainak trans legeari iruzur egin diola, “indarkeria matxistaren kontrako legeari izkin egiten saiatzeko”. “Tratu txar jokabideak aspalditik badatoz edo jokabide ezegokien aurrean egiten den “estrategia” dela argitzen bada, erasotzaileari trans legeak barneratzen duen astungarria ezarri beharko zaio, are gehiago funtzionario publiko izanda egiten badu”, esan zuen Izar Hernando koalizioko zinegotziak.
Fiskaltzaren erantzuna
Juan Kalparsoro Gipuzkoako fiskalak Europa Press-i azaldu dionez, Ertzaintzako agentea ofizialki emakumea denez, etxeko indarkeria baino ezin zaio leporatu. Sexu aldaketa baino lehen, aurretik ere gertatu izan bada emaztearen aurkako indarkeriarik —badirudi biktimaren deklaraziotik ondorioztatzen dela, salaketarik aurkeztu ez bazuen ere—, kasu zehatz horietan genero indarkeriako delitu bat egotzi ahal izango litzaioke.
Kalparsorok zehaztu duenez, Ministerio Publikoak ez du ikertzen genero indarkeriaren akusazioa saihesteko lege iruzurrik egon ote den, baina akusatuak “legez kontrako helburuarekin” egin zuela frogatuz gero, epaile zibil baten aurrean salaketa jarri eta sexu aldaketa horren deuseztasuna eskatzea kontuan hartuko da. Izan ere, agentearen gertuko iturriek adierazi dutenez, gizonak ez zien jakinarazi hurbilekoei sexu aldaketarik.
Zerbitzuz kanpo, baina ez kanporatuta
Atzo eman zuen jakitera Segurtasun sailak Ertzaintzatik baztertu dutela ertzaina, epaileak erabaki bat hartu bitartean. Horren zergatia? Ertzaintzako barne arautegiak ez dituela horrelako kasuak “hutsegite larri edo botatzeko arrazoi posibletzat” hartzen. Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu du ertzainak ustez egindakoak “oso larriak” direla, indarkeria matxista izan ala ez.
Donostiako Asanblada Feministak kasuari eman nahi izan zion oihartzunik handiena, atzo (hilak 21) Bulebarrean egin zuten elkarretaratzean. Izan ere, erasotzaileak duen karguak zeresan handia ematen du gizarte egituraren inguruan: “Argi dago egungo justizia sistemak indarkeria matxistaren biktima oro babes gabe uzten duela. Ustez zaindu behar gaituztenek erasotzen gaituzte inpunitate osoz. Azken hilabeteetan Polizia inplikatutako hainbat indarkeria matxista kasuren albisteak jaso ditugu”, azaldu dute.
Trans legea eta ekarri duen eztabaida
Esan bezala, trans legea baliatu zuen ertzainak sexu aldaketa egiteko. Baina, zertan datza legeak? Jakina denez, orain, trans pertsonen eskubideak bermatze aldera, errazagoa da, legeari esker, sexua aldatzea: nahikoa da erregistro zibilean “benetako nahia” azaltzearekin. Lehen, tratamendu bat hasita edukitzea eskatzen zuten, eta medikuen txostenak erakustea.
Azken egunotan, zalantzan jarri da legearen funtzionaltasuna, eta asanblada feminista horren aurka oldartu da: “Trans pertsonen eskubideen alde aurrerapauso nabarmen gisa ulertzen dugu legea eta ez dugu onartuko halako kasuek hori zalantzan jartzerik”. Berria-k Naizen elkarteko bozeramailea elkarrizketatu zuen, Bea Sever, eta honek nabarmendu du, horren harira, lege iruzurra egiten saiatzen direnei erreparatu behar zaiela, transen eskubideak zalantzan jarri ordez. “Ez da kasualitatea erreparatu behar zaion horri ez erreparatzea”, esan du Severek.