Mende pasako soa Palestinari
Raxid Khalidi historialariaren azken saiakera liburua euskaratu du Iñaki Alegria donostiarrak, eta UEUk argitaratu: 'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka'. Idazleak egungo egoerari buruz idatzitako analisi bat ere erantsi dute itzulpenean.
Gauza bakoitzari bere izenez deitu beharra aldarrikatzen dute, oharkabean baina orobat argi, Raxid Khalidi historialari eta Columbiako Unibertsitateko irakaslearen hitzek (New York, AEB, 1948). Horren erakusgarri da 2020an ingelesez argitaratu eta berriki UEUk euskaraz eman duen saiakeraren izenburua bera: Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017. Liburuan orri pasaka arituta ere, irakurleak ez du leituko Israel eta Palestina maila berean direla iradokitzen duten esplikaziorik. Kontrara, zorrotz mintzo da Khalidi, bien artekoa «gatazka» izendatzeari uko eginez eta auzia koloniala dela nabarmenduz etengabe, euskarazko itzulpenaren egile Iñaki Alegriaren esanetan. Are, adibide bat jarri du itzultzaileak, jokamolde hori nabarmentzeko: «Liburuaren azken esaldietako batean garbi dago idatzita: ‘Palestinarren aurkako gerra da’». Iradoki duenez, lan horretan inportantea da nola azaltzen den zera: nork, nori, zer.
Noiztik eta noiz galdegaiek ere badute inportantzia. Palestinaren gaineko auzia esplikatzeko, Khalidik franko zuzentzen du begirada atzera, ezinbestean, baina, Alegriak nabarmendu duenez, modu «ezohiko eta argigarrian» egiten du kontakizuna historialariak. Batetik, Khalidik historiako «sei inflexio puntutan» azpimarra jarriz aztertzen duelako Israelek Palestina menderatzeko eginiko bidea, eta, bestetik, analisiaren abiapuntua ez delako Nakba —1948ko maiatza—, baizik eta 1917a: besteak beste, Otomandar Inperioa desegin eta Balfourreko adierazpenena idatzi zen garaian. Alegia: Erresuma Batua Palestinan «juduen etxe nazionala» ezartzearen alde agertu zeneko hartan. «Horrela, Khalidik agerian uzten du britainiarrek ere badutela errua, besteak beste; britainiarrek hasieran, eta AEBek gero. Beharrezkoa da, zeren batzuetan ematen du ahaztu egiten zaizkigula duela mendebete-edo gertatutako horiek».
Irakurlearen memoria freskatu eta gaur egungo egoera hobeki ulertzen laguntzeko asmoz, sei gertakari hauek nabarmendu ditu saiakeran idazleak: Balfourreko adierazpena, Nazio Batuen Erakundearen 1947ko proposamena eta Nakba, 1967ko Sei Eguneko Gerra, Libanoko gerra, Sabra eta Xatila; Lehenbiziko Intifada, eta Osloko Akordioaren porrota.
Eduki hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.