Gizonezkoen 23 traineru eta emakumezkoen 20 lehiatuko dira aurten Kontxako Banderarengatik
Hilaren 28an eta 29an egingo dute sailkatze estropada, eta irailaren 1ean eta 8an bandera lortzeko lehia.
Donostiako kirol hitzordu garrantzitsuenetako batek badu data: hilaren 28an eta 29an egingo dute Kontxako Banderako sailkatze estropada, eta irailaren 1ean eta 8an izango da bandera lortzeko lehia. Nekane Arzallus alkateordeak aurtengo edizioa aurkeztu du gaur udaletxean, Olatz Muñoz Euskadiko Kirol Portuko ordezkariarekin eta Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiarekin batera: “Hiriak duen kirol ekitaldi handienetariko bat da, eta horri esker, munduari erakusten diogu zer garen, gure nortasuna eta gure kultura”, adierazi du.
Urtero legez, iraileko lehen bi igandetan egingo dute Kontxako Bandera preziatua lortzeko lehia, eta, hortaz, irailaren 1ean eta 8an beteko dute Kontxako badia traineruek, azken estropada handirako. Horretarako, ordea, sailkatze estropada egingo dute, lehendabizi: hilaren 28an, asteazkena, gizonen txanda izango da; 29an, osteguna, berriz, emakumezkoena. Bi estropadak 18:00etan izango dira, eta gizonezkoen 23 traineru eta emakumezkoen 20 lehiatuko dira aurten banderarengatik.
Banderarengatik lehian
Gizonen traineruak bi taldetan banatuko dira, minuturo aterako dira eta 3 milia egin beharko dituzte araunean. Horrela lortuko dute iraileko finalean parte hartzeko zazpi plazetako bat. Emakumezkoenak ere bi taldetan banatuko dira eta minuturo aterako dira baina, kasu honetan, 1,5 milia egin beharko dituzte. Denbora onena egiten duten lehenengo zazpiek Donostiarrarekin bat egingo dute banderaren lehian. Emakumeak 11:00etan irtengo dira eta gizonak 12:00etan, ibilbideak ziaboga bakarra egiteko aukera emango du, eta dauden lau kaleetatik egin ahal izango dute.
Alkateordeak azpimarratu du bi estropadak egiten badira soilik banatuko dela Kontxako Bandera, eta, bide batez, bandera etxean geratzeko ilusioa ere aipatu du: “Donostiar bezala, bandera etxean geratzen bada sekulako poza sentituko dut”.
Berdintasunaren alde
Arzallusek esan duenez, sarietara bideratutako zenbatekoa berdina izango da gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat. Guztira 85.000 euro inguru izango dira bi modalitateetan eta lehen postuan geratzen direnei 25.000 euro eta bandera emango zaie. Traineru irabazlean doazen arraunlariei ere banderaren erreplika txiki bat emango diete, oroigarri gisa.
Gainera, Euskadiko Kirol Portuak lehiaketa babestuko du bi modalitateetan, eta tripulazio irabazleei garaikur bana emango dio. Muñozek aitortu du “plazera” dela estropada honetan parte hartzea babesle gisa eta eskerrak eman ditu, “arrauna urte hauetan guztietan zehar bizirik mantentzeagatik”. “Izugarria da egoten den jende kopurua eta sortzen den giroa”, esan du. ADEGIK, berriz, Adegi Saria emango du: 5.500 euroko sari ekonomikoa eta trofeoa emango dizkie azken bi estropadetan denbora osoaren zenbaketarik onena lortzen duen traineru gipuzkoarrari. “Harro, pozik eta oso gustora” sentitzen direla aitortu du Ayerzak.
Pasealeku Berritik, Urgulletik, Kaitik eta Alderdi Ederretik iraileko estropadak ikusteko sarrerak eskuragarri daude atzotik bertatik Donostia Kulturaren webgunean, eta sarrera puntuetan egongo diren leihatiletan, 09:30etatik aurrera. Abuztuko sailkatze estropada ikusteko, berriz, tribunatik ikusi nahi dutenek soilik erosi beharko dute sarrera, aipatutako webgunean, Viktoria Eugenia antzokiaren leihatilan eta tribuna ondoan jarriko den leihatilan.