Kathrine Switzer korrikalari historikoak Donostian aurkeztu du 'La Maratoniana' liburuaren itzulpena
Nork ez du inoiz ikusi Kathrine Switzerren (Amberg, Alemania, 1947) argazki historikoa? 1967an, Bostongo maratoia ofizialki korritu zuen lehenengo emakumea izan zen, 261 dortsalarekin, izenarekin ordez, inizialarekin izena eman ostean. Lasterketan, ordea, Jock Semple antolatzailea oldartu egin zitzaion, bultzaka ibilbidetik botatzen saiatuz; hori da, hain zuzen ere, argazki mitikoan ikusten dena. Switzerrek, aldiz, maratoia bukatzea lortu zuen, eta erreferente bilakatu zen; ez soilik gertakari harengatik, baizik eta ondoren, bereziki kirol munduan, emakumeen eskubideengatik egindako borroka guztiarengatik.
Egunotan, Donostian dago Switzer, Fortuna kirol klubak antolatzen duen Behobia-Donostia lasterketaren eskutik, eta 2007an argitaratutako Marathon Woman bere liburu ezagunaren gaztelaniazko itzulpena aurkeztu du gaur (hilak 23), Bretxako Forum dendan: La Maratoniana. Switzer duela sei urte egon zen azken aldiz Donostian, 2018an, Deusto unibertsitatearen eskutik; orduan ere, Behobia-Donostiarekin elkarlanean aritu zen, orain bezala, 50/50/25 proiektua sustatzen —2025erako, lasterketan gizon eta emakume kopuru berak parte hartzeko helburua du proiektuak—. Bretxako kirol dendan Switzerren hainbat lagun, kide eta jarraitzaile elkartu dira korrikalaria entzuteko, eta denek liburua sinatuta eraman dute etxera.
Elisa Fernandez Vicek itzuli du liburua, eta Libros de Ruta argitaletxeak argitaratu du. Argitaletxeko arduradun Eneko Garatek aurkezpenean azaldu duenez, 2022an argitaratu zuten, baina hainbat faktore direla medio, ezin izan dute orain arte Switzerrekin batera aurkeztu; Donostiara egiten ari den bisita baliatuta, ordea, gaurkoan egin dute aurkezpena
Switzerrek eta Garatek egin dute aurkezpena, baina itzultzaileak ere izan du bere ekarpena egiteko tartea: “2017an hasi nintzen korrika egiten, eta jabetu nintzen oso emakume gutxi ikusten zirela probetan eta halakoetan. Hori zergatik zen ikertzen hasi nintzen, eta, noski, Kathrineren istoriora iritsi nintzen. Liburua irakurri nuen, eta lagunei gomendatzean, konturatu nintzen ez zegoela gaztelaniara itzulita, beraz, gauzak gertatu daitezen gertarazi behar direnez, itzultzea erabaki nuen”. Hurrengo pausoa euskal itzultzaileren batek eman beharko du, euskaraz ere irakurri ahal izateko liburua.
Mitoa izan ez zedin
Garatek galdetuta, liburua idazteko ideia nondik atera zuen kontatu du Switzerrek: “Roger Robinson senarra eta biok taxi batean geundela, gidaria hasi zitzaigun kontatzen Bostongo maratoian emakume bat sartu zela behin, bultzaka botatzen saiatu zirela, eta abar. Hau da, nire istorioa kontatzen hasi zitzaigun, ez baitzen konturatu emakume hori ni neu nintzela. Orduan, jabetu nintzen nik neuk idatzi behar nuela nire istorioa, bestela mito bihurtuko zelako”.
Bestalde, Switzerrek azaldu du argazkia egunkarien azaletan ikusi zuen unetik bertatik jakin zuela horrek bere bizitza aldatuko zuela, eta ñabardura egin du: “Garrantzitsuena ez da gertakaria bera, baizik gertakari horrekin ondoren egindakoa. Iruditu zitzaidan emakumeak ahalduntzeko tresna bat izan zitekeela, eta uste dut nire ekarpentxoa egin dudala zentzu horretan urteotan guztiotan”.
Hain zuzen ere, Switzerrek bizitza osoa pasatu du emakumeen kirola sustatzen, eta bere lorpen ezagunena da 1984an lortu izana emakumeen maratoia Los Angelesko Olinpiar Jokoetan sartzea. Zentzu horretan lanean dihardu egun, 261fearless egitasmoarekin; emakumezkoen lasterketak sustatu ditu 27 herrialdetan.
Emakumeak txikitatik kirola egitera bultzatzeko asmoz, mezu argi bat helarazi nahi izan du: “Neskatoentzat, oso garrantzitsua da inguruan dituzten helduen eragina, beraz, bultzatu itzazue zuen alabak, ilobak, bilobak edo dena delakoak kirola egitera”. Izan ere, nabarmendu duenez, aita izan zen bera korrika egitera bultzatu zuena. “Talentua edonon dago, aukerak ematea baino ez du behar”, gaineratu du. Halaber, emakumeei ere mezu argi bat helarazi die: “Jantzi zapatilak eta atera korrika egitera, jarri helburu txikiak hasieran, pixkanaka joan eta bilatu korrika egiten duen emakume talde bat eta atera beraiekin. Babesa aurkituko duzue hor, komunitatea”.
Bitxikeria batekin eta lezio batekin amaitu du aurkezpena Switzerrek. Jock Sempleri buruz galdetuta, aitortu du hasieran, lasterketatik botatzen saiatu zenean, gorroto zuela, eta Semplek ondoren egindako adierazpenek mindu egin zutela. Ordea, handik bost urtera, emakumeen parte hartzea ofiziala izatera pasatu zen Bostongo maratoian eta Semplek onartu behar izan zuen. Are gehiago, denborarekin, lagunak izatera heldu ziren: “Bere garaiko produktu bat zela ulertu nuen, eta nik bere pentsaera zein gizarteko gizon eta emakume askorena aldatzeko lan egin behar nuela. Azkenean, lagunak egin ginen; are gehiago, hil baino ordu batzuk lehenago, berarekin egon nintzen. Bizitza laburregia da ez barkatzeko”.