Lehenengo garaipenaren bila
Reala ez da ondo heldu ligaren hasierara. Argi ikusi zen hori pasa den igandean, ligako lehenengo neurketan, etxean, Rayo Vallecanoren aurka 1-2 galdu zuenean. Horri merkatuaren mugimenduak gehitu behar zaizkio, klubak oraindik ofizial egin ez badu ere, dagoeneko baieztatuta baitago Mikel Merino Arsenalera joango dela.
Ordea, jakina denez, garaipenak eskuratzea da futbolean kritikak, zurrumurruak eta konfiantza falta isilarazteko modurik eraginkorrena. Realeko mutilak horren bila doaz, hain justu, Bartzelonara, Espanyolen etxera; partida larunbatean izango da, hilaren 24an, 21:30ean.
Imanol Alguacilen taldearentzat, aste honetako albiste onena Igor Zubeldia osatu izana da, eta litekeena da hasieratik zelairatzea, Jon Pachecorekin batera, defentsaren erdigunean. Bestalde, aurreikusi daiteke Remiro egongo dela atean, Traore defentsako eskuineko hegalean eta Javi Lopez ezkerrekoan. Erdilari gisa, aurtengo hirukote titularra izan daitekeena zelairatuko du Alguacilek, ziurrenik: Turrientes, Brais eta Zubimendi. Azkenik, aurrean, aurreikusi daiteke Oiartzabal, Becker eta Take zelairatuko dituela Orioko entrenatzaileak.