Ondarroako eta Getariako uretan lehiatuko da Donostiarra asteburuan
Arraun munduko begirada guztiak Kontxako Banderan jarrita daude dagoeneko, baina ezin da Eusko Label liga ahaztu, azken txanpan murgilduta baitago. Hain zuzen ere, XL. Ondarroako Bandera eta XV. Getariako Ikurrina jokatuko dira asteburuan, eta bietan lehiatzeko prest daude Donostiarrako mutilak.
Ondarroakoa larunbatean izango da (hilak 24), 18:15ean hasita. Getariakoa, aldiz, igandean jokatuko da (hilak 25), 12:15ean. Argi dago liga Bermeora joango dela, nagusitasun handiz lehiatzen ari baita traineru bizkaitarra, baina Donostiarra ere ez dabil makal, eta txapelketa ahalik eta hoberen amaitu nahi du; hirugarren postuan dago egun, 151 punturekin.
Hain zuzen ere, pasa den astean Zarauzko Bandera irabazi ostean, indarberrituta iritsiko da traineru donostiarra asteburu honetara, eta behintzat bi banderetako bat eskuratzen saiatuko da, Kontxara indartsu heltzeko.