60 jarduerekin girotuko dituzte 2024ko Euskal Jaiak
Abuztuaren 28tik irailaren 8ra bitarte ospatuko dira Donostiako Euskal Jaiak eta herri kirolak, euskal dantzak, sukaldaritza lehiaketak, bertsoak, pilota txapelketak, ikuskizunak eta sagardo dastaketak ez dira faltatuko Parte Zaharrean.
Urteroko legez, Kontxako Banderaren estropadekin bat etorriko dira Donostiako Euskal Jaiak. Ohi moduan, bi asteburu hartuko dituzte ospakizunek eta jardueraz beteriko egitaraua eskainiko du udalak. Aurten, baina, ekitaldi gehienak irailaren 7 eta 8ko asteburura lekualdatzea erabaki dute, lehen asteburuak abuztuaren 31ko ospakizunekin bat egingo duelako: “Jarduera horietan donostiar bakoitzak bere gustukoa den merkatu bat, dantza ikuskizun bat, edo kirol bat aurkitu ahal izango du”, adierazi du Nekane Arzallus Donostiako lehen alkateordeak.
Sagardoa nagusi
Aurtengo egitarauak azken urteotako dinamikari jarraituko dio, eta hala, Sagardo Eguna izango du bigarren asteburuan. Irailaren 7an, 11:00etatik 14:00etara bitarte, Gipuzkoa osoko 34 sagardogile izango dira Plaza Berrian. 2023ko uzta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek eta baita sasoiko produktu berriak probatzeko ere. Jarduerei dagokionez, bestalde, sagardo elaborazio demostrazioa nagusituko da: “Matxaka eta tolare bat jartzen ditugu eta, horrela, jendeak ikus dezake nola egiten dugun sagardo naturala eta dastatzeko aukera izaten dute”, azaldu du Amaia Zubeldia Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen ordezkariak.
Horren ostean, Juan Ignacio Iztueta dantza emanaldia eskainiko du Euskal Dantzarien Biltzarrak. Dantza asko galtzear zeudela ikusita, Iztuetak liburu batean bildu zituen 1824an, xehetasun guztiak belaunaldiz belaunaldi gordetzeko. Orain ikuskizunaren bitartez, folklorista zaldibiarra omentzea dute helburu, eta horretarako liburuaren hainbat pasarte irakurriko dira askotariko dantzen aurkezpen gisa: “Bildu zituen gauzen artean nagusienak soinu zaharrak izan ziren. Horiek galdutzat ematen ziren dantza batzuk ziren, eta berak doinuak jaso zituen eta irizpide batzuk eman zituen dantzatzeko. Ez dira dantza itxiak, hau da, dantzari edo talde bakoitzak bere konposizioak egiten ditu irizpideekin”, adierazi du Euskal Dantzarien Biltzarreko Xabier Mendizabalek.
Jana-edana eta dantzaz gain, kirolak ere izango du protagonismoa. Ohi moduan, estropadek bilduko dituzte ikusle gehienak, baina krosa, esku-pilota txapelketa, eta barrene herrikoia ere eskainiko ditu 2024ko Euskal Jaien egitarauak. Aurten, gainera, bolatokiek hartuko dute garrantzia, azken lau urteotan gertatu den moduan: “Duela lau urte hasi ginen txapelketarekin, Arrobitxulon bolatokia egongo zela ikusita, bultzada emateko”, adierazi du Xabier Lazkano Gipuzkoako Bolo Federazioko zuzendaritza batzordeko kideak. Lazkanok azaldu moduan, txapelketa bi larunbatetan jokatuko dute eta “irekia” bezain “parekidea” izango da; hau da, 12 urtetik gorako gizon eta emakumeek parte hartu ahal izango dute, federatuta egon edo ez, eta sari berdinak izango dituzte.
XX.mendea ardatz, afixean
Joseba Larretxe Josevisky ilustratzailearena da aurtengo afixa. “Orain arte ez dugu euskal jaien irudi adierazgarritik izan gure gizartearen bilakaera islatzeko, eta horrekin batera gure jaiena”, azaldu du Arzallusek. XX. mendeko Aurelio Arteta eta Ramiro Arrue margolarien baserri giroa eta iruditeria berreskuratu du Joseviskyk irudi digitalean, eta XXI. mendeko keinuak gehitu dizkio:”Piercing eta tatuajeak jarri dizkiet”, adierazi du ilustratzaileak.