Donostian izandako azken sexu erasoa gaitzetsi du udalak, adierazpen instituzional baten bidez
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, abuztuaren 18ko goizaldean, Aste Nagusiko azken gauean, Parte Zaharrean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Horren aurrean, erasoa “irmoki gaitzesteko” erakunde adierazpena plazaratu du udalak. Asteartean (hilak 27), erasoa gaitzesteko elkarretaratzera deitu du udalak, 12:00etan, Alderdi Ederren. Honakoa adierazi dute adierazpenean:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero Udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztik gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udalak hiritarrei dei egiten die bihar 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategian egingo den gaitzespen bilkuran parte hartzera.
5.- Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.
Aldundiak bat egin du
Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, pasa den astean Donostian izandako sexu erasoa indar guztiz salatu eta gaitzetsi du. Aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini nahi dio erasoa jasan zuen emakumeari, baita haren senitarteko eta gertukoei ere. “Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, foru erakundeak bat egiten du Donostiako Udalak gaur argitaratu duen adierazpenarekin”, nabarmendu dute ohar baten bidez.