'Egia ala geruza' haurrentzako opera estreinatuko dute arratsaldean
Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan programatutako ikuskizun horretan Easo abesbatzak hartuko du parte.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren 85. edizioak Egia ala geruza haurrentzako opera estreinatuko du astelehen honetan Viktoria Eugenia antzokian. Proiektu horretan Easo Abesbatzako haur abesbatzek eta musika talde instrumentalak hartuko dute parte, David de Oliveriaren zuzendaritzapean, Guillermo Amayaren zuzendaritza eszenikoarekin eta Lucia Arzallusen musika zuzendaritzarekin.
Haurrentzako opera horrek haur baten istorioa kontatuko du; oinez doala, galdu egiten da eta bidaia berezi bat abiatuko du orduan. Ibilbide horretan, itzulerako bidea topatzen laguntzen dioten eta oztopatzen dioten hainbat pertsonaiekin egingo du topo. Testua Marta Garciak sortu du, eta honako hauek antzeztuko dute: Iraide Urbistondo, Lorea Lopez, Haizea Miranda, Luken Munguira, Josu Martinez, Joel Zamora, Maria Jaunarena, Iñaki Carcavilla, Ibai Murillo, Xabat Caminos, Larraitz Otamendi eta Alain Sanchez. Maider Alustiza eta Eider Barrenetxearen zuzendaritzapean sortu dira, bestalde, lanaren jantziak eta attrezzoa, eta lan horretan, Emaus fundazioaren laguntza izan dute.
Emanaldia, gaur bertan egingo dute, 19:00etan. Sarrerak 12 euroan daude eskuragarri (sei euro 12 urtetik beherakoentzat), eta Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko eta Viktoria Eugeniako leihatiletan eros daitezke.