San Agustin eguna ospatuko dute asteazkenean Artikutzan
Urteroko legez, San Agustin eguna ospatuko dute Artikutzan asteazkenean (hilak 28); Artikutzako patroia da San Agustin. Jakina denez, Nafarroaren barruan dago Artikutza geografikoki, baina Donostiako Udalaren jabetzakoa da, 1919tik. Eremu babestua da Artikutza, eta horregatik, finkan ibilgailu motordunez sartzeko, baimena eskatu behar da, eta egunean sartu daitekeen ibilgailu kopurua mugatuta dago. San Agustin eguna da, ordea, Artikutzako ateak erabat irekita egoten diren urteko egun bakarra.
Horrela, udalak jakinarazi duenez, asteazkenean, egunean zehar, artisau produktuen erakusketa eta salmenta postuak egongo dira, baita bi txosna ere, “festaz gozatzera bertaratzen diren guztiek zer jan eta edan izan dezaten”.
Bestalde, pilota partidak antolatu dituzte herriko frontoian, 11:30ean hasita: Zabaleta-Oses eta Larrarte-Bergara bikoteak lehiatuko dira emakumeetan, eta Iriarte-Apezetxea eta M.Olaiz-X.Olaiz bikoteak gizonetan. Arratsaldean, 17:00etan, herri kirolen erakustaldia prestatu dute: alde batetik, Maddi Gesalaga, Naroa Arruti eta Urdax Magunazelaia harri jasotzaileak lehiatuko dira; bestetik, aizkolaritzan, Iker Vicente, Arkaitz Etxebeste, Mikel Larrañaga eta Aratz Mugerza aizkolariak arituko dira. Ondoren, 20:00etan, dantzaldiaz disfrutatzeko aukera egongo da.
Artikutzako sarbidea hobetu egin dute azken hilabeteotan, hainbat esku hartzeren eginda: herrira sartzeko errepidearen zenbait bihurgunetan babes hesiak jarri dituzte, seinale bertikalak hobetu dituzte eta plaka islatzaileak jarri dituzte. Horrez gain, finkaren mugak identifikatzen dituzten informazio seinaleak jarri dituzte eta Beltzuntzako mendi lepoan sartzen den bost kilometro inguruko pista konpondu dute. Bestalde, udalak azaldu duenez, urtea amaitu baino lehen, atezaindegitik herrixkara jaisten den errepideko asfaltoa hobetuko dute.
Balio natural handia
Artikutza espazio natural berezia da, balio natural handiko eremua baita; horregatik dago hain babestuta, besteak beste, Natura 2000 sarearen barruan dago. Balio naturalak mantentzeari lotuta, Artikutza Natura programa garatzen ari da udala azken urteotan: eskola bat eta ikasleentzako bisita gidatuak eskaintzen ditu udalak horren barruan, eta 2023an, 420 ikaslek parte hartu zuten, hemezortzi taldetan banatuta.
Artikutzan garatzen ari diren beste programetako bat pirinioetako muturluzearen etengabeko jarraipena da. Galzoriko espezie gisa katalogatuta dago, eta gainbehera handia izan du Iberiar penintsula osoan. “Artikutzak ur ohituretako ugaztun horren populazio egonkor bat du, baina espeziearen, ohituren eta mugimenduen jarraipen zorrotza egiten ari gara, isolatuta dagoen espeziea denez, etorkizun zalantzagarria baitu”, azaldu du Juantxo Marrero Ekologia zinegotziak.
Horrez gain, udalak ibilaldi gidatuak antolatzen ditu hainbat igandetan Artikutzan, luzera eta zailtasun desberdineko ibilbideekin. 2023an, hemezortzi bisita egin ziren guztira, eta 265 pertsonak parte hartu zuten.
Aterpetxea eta presa
Artikutzaren inguruko beste bi datu ere eman ditu udalak, San Agustin eguna aprobetxatuta. Alde batetik, nabarmendu du bertako aterpetxea eskari handiko zerbitzua dela, asteburu guztietan baitago beteta: 2023an, 10-32 pertsonako 73 taldek erabili zuten.
Bestetik, presaren egoera gogorarazi du udalak. Gogoratu behar da urtegia 2019an hustu zutela, Donostiak urteak zeramatzalako ur hornidura hortik egin gabe eta presak kalteak zituelako. Presak hor dirau, baina udalak eraisketa partzial bat egiteko asmoa du. “Etorkizunean zein jarduketa egingo den zehaztu arte, faunaren azterketa bat egingo da berriro, bai presatik ibaian gora, bai ibaian behera, eta emaitzak alderatu egingo dira hustu aurretik eta urtegia hustu eta berehala egin ziren azterlanekin. Era berean, jarraipena emango zaie ehun urtetik gorako haginen populazioari buruzko azterlanei”, azaldu du udalak orain.