Abuztuaren 31ren bueltan, Palestina izango du gogoan Donostia Sutan elkarteak
'The Siege of Saint Sebastian' musika obra udalak jendaurrean aurkeztu izana kritikatu dute, lanak goraipatu egiten dituelako hiria sarraskitu zutenak.
Larunbatean, Abuztuaren 31n, 211 urte beteko dira tropa aliatuek —Ingalaterra eta Portugal, Espainiaren babesarekin— 1813an Donostia erre eta sarraskia egin zutenetik. Horren harira, ohiko legez, udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta Donostia Sutan 1813 Kultur Elkarteak ere bere egitarau propioa ondu du.
Ostegunean hasiko dira, Trinitate plazan antolatu dituzte bertso musikatuekin (19:00): Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Jon Maia bertsolariak arituko dira bertsotan, gai jartzailea Unai Gaztelumendi izango da eta musikariak Beñat Antxustegi eta Iker Lauroba.
Ekitaldi nagusia, bestalde, antzerki ibiltaria izango da, hilaren 31n bertan: Parte Zaharreko kaleetan barrena egingo dute, 20:15ean, San Bizente elizatik hasita eta Plaza Berrian bukatuta. Donostia suntsitu aurreko uneak, abuztuaren 31ko sarraskia eta ondorengo egunak antzeztuko dituzte ibilaldian. Horrez gain, 1813ko abuztuaren 31n hirian gertatutakoari buruzko informazio panelak jarriko dituzte Parte Zaharreko kaleetan, baita gai beraren inguruko aldizkariak banatu ere (hemen ikus dezakezue banatuko duten aldizkaria). Azkenik, irailaren 6an, Zuzi Martxa egingo dute, 20:00etan, Abuztuak 31 kaletik.
Azaldu dutenez, “Honen bidez, tropa ingelesek, biztanleria zibila suntsitu ondoren, tropa frantsesak beren armamentuarekin erretiratzen utzi zituztela, eta, irailaren 19an, hiria erabat suntsituta eta kea zeriola, aurretik probintzia horrek errefusatu zuen Espainiako Konstituzioa San Bizente elizan sinarazi zutela gogorarazi nahi dira”. Era berean, Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioa salatzeko ere baliatuko dute Abuztuaren 31: “Ekitaldi guztietan, Israelen esku biztanleria palestinarra jasaten ari den genozidioa aipatuko da. Donostiak 1813an, urtez urte salatzen dugun sarraski bat jasan zuen, eta bidezkoa iruditzen zaigu Palestinan jasaten ari diren sarraskia salatzea”.
‘The Siege of Saint Sebastian’
Aurten, abuztuaren 31ren bueltan udalak aurkeztu duen berritasun nagusia The Siege of Saint Sebastian partituraren aurkikuntza da. Thomas Haigh konpositore ingelesaren obra bat da, “Divertimento Militar” bat, Jose Maria Leclercq historialariak joan den asteko prentsaurrekoan azaldu zuenez. 1813ko Donostiako sarraskiaren ondoren, Ingalaterran zabaldu zen korronteetako batean kokatzen da, hain zuzen ere, suntsiketaren erantzuleak frantsesak eta donostiarrak, kolaborazionista gisa, izan zirela zioena, eta ez tropa aliatuak. Horrela, tropa aliatuak, sarraskiaren benetako erantzuleak, goraipatzea da korronte horren helburua.
Horrekin oso kritiko agertu da Donostia Sutan 1813 Kultur Elkartea: “1813an, Donostia suntsitu, 2.400-2.600 hildako eragin 9.000 biztanleko hirian (400-600 erasoan erailak eta beste 2.000 gosearen eta izurriteen ondorioz), harrapatzen zuten emakume oro jipoitu eta bortxatu, etxeetako ondasunak lapurtu eta ondoren su eman… Ba, hori guztia egin zuten tropak goraipatzen dituen obra estreinatu dute aurten, Donostiako Udalak sustatuta eta babestuta”.