Badu, bada
Konbentzimendu osoa dut artearen intelektualizazio gehiegizkoak inongo mesederik ez diola egiten beroni. Bat-bateko pertzepzio irrazionalak, emozioen pilaketa neurrigabeak edota ileak puntan jartzeko kapazitateak ere egiten dute artea arte. Ez da zertan kurtso intentsiborik egin beharrik, pieza artistikoen kalitate estetikoa apreziatu eta gustu propioa elikatu zein hezteko. Haur zein heldu, guztiok dugu barnean kuriositatez azkazalak irensten diharduen ume iratzartua, eta beroni zor dizkiogu sarritan hitzez azal ezin daitekeenaren aurrean esperimentatu ohi ditugun zirrara eta txundimena. Horretaz zihoan Easo Abesbatza osatzen duten aleek —Easo Eskolania, Easo Txiki eta sortu berri den Easo Sinfonietta— Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan eskaini diguten produkzio propioa, hasiera batean haurrentzat zela zioen arren bertaratu garen guztiontzat gozagarria izan den Egia ala geRuza opera.
Hamabostaldiaren baitan burutu den bigarren opera honek —Bizeten Carmen ospetsua izan genuen entzungai lehen asteetan—, ez du izan aipaturiko obra frantsesarekin zerikusirik. Libretoaren eraikuntza eta garapenean aurkitu du Viktoria Eugenia galant eta txit ederrera gerturatu denak gaurkoan berrikuntzarik nabarmen eta goraipagarriena. Marta Garciak ondutako istorioa ez baita ohiko estruktura lineal eta kronologikoetan oinarritu. Denboran zein espazioan galdurik aurkitzen den neskato baten ibilerak aurkeztu nahi izan dizkigu Garciak, Walter Slaughterrek sortu eta Iñaki Carcavilla konposatzaile aragoitar zein Donostian ikasiak bereziki moldatutako musikaz lagunduta. Neskatoak ez-leku partikular batean topatutako zenbait pertsonaia are xelebreagoekin izaniko elkarrizketek osatu dute arratseko pieza teatral eta musikala. Beti elkarri mokoka dabiltzan biki paraleloak, indargabetzeko moduan diren epaile pare zoroa ala ezezkoa beti ahoan darabilen emakumea eta denboraren orratzak mugitzeko ahalmena duen txapela jantzita munduan bueltaka —mundurik bada, behintzat— dabilen gizon apartekoa. Denaren eta ez denaren arteko paradisu ezezagunean jarri gaituzte igerian, frogatzeko izenik gabe ere badela izanik. Badu, eta hortaz, bada. Jose Luis Cuerdaren estilo absurdoa zerien elkarrizketei, eta fikzioaren ifrentzua non amaitu eta errealitatearen aldea non hasten den kuestionatzeko propio ezarritako tonu surrealistak oso ongi funtzionatu du, Alizia herrialde miresgarrian entzutetsuaren zantzuak ere nabariak zitzaizkion lan eder bezain gustagarrian.
“Oreka justu eta mugiezin hori mantendu nahi izateak, nire iritziz, itzali egin ditu apur bat euskararekin nabaritu ditugun joko aberatsak. Azpitituluen erabilera jada ohikoa dela kontuan izanik, noizko Easo Ederrean opera oso bat euskaraz?”
Horixe baitzen entzuleen ahotan, marmol zurizko antzoki sarreran, entzun ahal izan dudana. Badela horrelako proposamen freskoen beharra. Freskoa eta eskertzekoa izan baita abeslari zenbaiten umorea eta talentua. Pertsonaia protagonista hezurmamitzeaz arduratu den Iraide Urbistondoren jarduna txalogarria izan da. Hala nola, Lorea Lopezen graziaz jositako agerpena, Luken Munguira gaztearen ahots landu eta prestua, Carcavilla beraren interbentzio zoroa eta abesbatza osatzen zuten haur eta nerabeen parte hartze sendoa osagai bikain gertatu dira gaueko lanak borobiltzeko. Aparteko errekonozimendu eta aipamena mereziko luke Maider Alustizak sortutako jantziteria indartsuak, hankaz gora dabilen jendartea irudikatzeko ezinbestekoa izan baita bere lana. Hango soineko alderantziz sortuak, elementu bariatuen nahasketak, koloreen leherketa biziak. Dena premiazko, libretoak berea zuen berezitasuna taularatzeko. Eszenatokia nahiko neutro mantentzeak izan zezakeen bere arrazoia jada soinean pertsonaiek zeramatena nahiko bizia izatean. Hala ere, izara zuriei erabilera apur bat gehiago eman izanak, aberastu egingo zukeen, nire aburuz, piezaren kalitate jada gorena. Itzal txinatar batzuk, fokuen norabide desberdinen probaketa. Nik zer dakit. Atrezzoari buruz pentsatzen nenbilela, duela zenbait urte, Donostiako hiriak Europako Kultur Hiriburutza eskuratzean, Nestor Basterretxea zenak diseinatutako txotxongiloekin eginiko haurrentzako opera bat etorri zait burura. Altzoko Handiaren istorioa ardatz zuen pieza hark eta eszenan agertzen ziren pertsonaiez gain, oholtzan jartzen den elementu ororen garrantziaz jabetzeko balio izan zidan bere garaian. Gaurkoa apur bat pobre gelditu da zentzu horretan. Hizkuntzen erabilerarekin gertatu denaren antzera, bestalde. Abestuak ziren atalak euskaraz eta hizketaldi elkarrizketatuak, gazteleraz. Inongo salbuespenik gabe. Oreka justu eta mugiezin hori mantendu nahi izateak, nire iritziz, itzali egin ditu apur bat euskararekin nabaritu ditugun joko aberatsak. Azpitituluen erabilera jada ohikoa dela kontuan izanik, noizko Easo Ederrean opera oso bat euskaraz? Desiragarria eta osasuntsua litzateke.
Eta zer esan musikalki guztia fin eta zorrotz zuzentzen aritu den Lucia Arzallus nire lagun eta ikaskide izanaz. Gozamen hutsa izan dela podioan erakutsi duen segurtasunaz jabetzea, bere keinuari zerion pasioa kontenplatzea eta azken hilabeteotan debozioz lanean gogor aritu ostean jasotako fruituaz nola disfrutatzen duen ikustea. Zorionak, bihotzez. Hamabostaldiak ikusle berriak bereganatu eta proiektuari ikusmira berrituak eskaini ahal izateko, berebizikoa du ur gozo —eta zenbaitetan gaziz— betetako igerilekuetara salto egitea, ausardiaz jokatzea, etxekoari leku egin eta esateko duena entzuteko adorea erakustea. Gaurkoa izan da, zinez, diodanaren isla, ez baita lana fin egingo dutela dakizunen esku konfiantza erabatekoa ustea bezalakorik. Izan bitez datozenetan ere haur (zein ez hain haurrentzako) horrelako gehiago!