Donostia Kirolak kudeatuko ditu Bretxako kirol pistak
Bretxako kirol pisten kudeaketa Donostia Kirolari adjudikatu dio Donostiako Udalak. Arrandegi eraikinean kokaturiko kirol instalazioak otsailean ireki zituzten, Parte Zaharreko osasun zentro berriarekin batera.
Hasiera batean, udalak Orixe ikastolari utzi zion kirol instalazioen erabilera. Emakida hau “ikastetxeak, besteak beste, kirol jarduerak, eskolaz kanpoko jarduerak edo jolas jarduerak egin ahal izateko dituen beharrei erantzuteko” egin zuen udalak. Orixek astelehenetik ostiralera 09:00-19:00 ordutegian erabili ditu Arrandegi eraikineko instalazioak, baita Eskola Kirolako partida eta ikastetxeko kultur eta kirol erakustaldietarako ere.
Lagapena pasa den ekainaren 21era arte soilik luzatu bazuten ere, ikastetxearen instalazioak erabiltzeko lehentasuna mantentzeko asmoa agertu zuten; betiere auzoko beste eragileen erabilera bermatuta. “Auzoko beste behar batzuei ere erantzuteko sortutako gunea denez, ordutegiak, erabilerak eta mantentze baldintzak beste hainbeste kolektibo, erakunde eta elkarteren beharretara egokitzen joango dira partaidetza prozesu baten bidez”, adierazi zuen udalak.
1.000 metro koadro
Kirol instalazioek 1.029 metro koadroko azalera erabilgarria dute, eta eraikinaren beheko solairutik dute sarbidea, Aldamar kaletik. Bigarren solairuan, kirol anitzeko 638 metro koadroko pista, aldagelak, biltegiak, komunak, bulegoa eta garbiketa gela daude. Eta, hirugarren solairuan, erabilera anitzeko gela bat, komun egokituak eta balkoi moduko korridore bat, pistako luzetarako ardatzean zehar garatzen dena, bertan egiten diren jarduerak ikusteko aukera emanez.