Donostiako azken eraso matxistak salatu dituzte
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian, abuztuaren 18ko goizaldean, Aste Nagusiko azken gauean, Parte Zaharrean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Eraso matxista horrez gain, beste batzuk ere publiko egin dira hirian azken asteotan, eta horiek guztiak salatzeko elkarretaratzea egin dute udaleko eta aldundiko agintariek astearte eguerdian, Alderdi Ederren.
“Elkarretaratze hau egin dugu, gure herrian azken egun eta asteotan gertatu diren sexu erasoen kontra. Guk, emakume gisa, aske bizi nahi dugu, baina dirudienez, ez da gauza erraza oraindik. Eskerrak eman nahi dizkiegu segurtasun indarrei, egileak atxilotu dituztelako. Eta, nola ez, biktimei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, gure herrian halako jarduerek ez dutelako lekurik”, nabarmendu du Nekane Arzallus alkateordeak.
Mobilizazioan parte hartu du, baita ere, Emakunde erakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, eta Arzallusen ildo beretik jo du, fokua azken erasoan jarrita, bereziki: “Gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu, eta, aldi berean, gure laguntza eta babes osoa eskaini nahi diogu biktimari. Horretarako gure zerbitzu eta baliabide guztiak bere esku jartzen ditugu. Esan beharra dago, gizarte bat behar dugula, aho batez esango duena nahikoa dela eraso sexista hauen aurrean, eta ezin direla onartu. Ondo dakigu indarkeria matxista emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren ondorio nagusia dela, eta horretarako, gizartearen atxikimendua behar dugu. Erakundeok jarraituko dugu lanean, berdintasun politikak sustatzen, jakin badakigulako zenbat eta gizarte berdinzaleagoa izan, indarkeria matxistak orduan eta leku gutxiago izango duela gurean”.
Aipaturiko azken erasoaren harira, Donostiako Udalak honako erakunde adierazpena onartu zuen astelehenean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak deialdiarekin bat egin zuen:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero Udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztik gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udalak hiritarrei dei egiten die bihar 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategian egingo den gaitzespen bilkuran parte hartzera.
5.- Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egiten du.