«Estatuak eragindako biktimak oroitzeko gunea izan behar du La Cumbre jauregiak»
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailea elkarrizketatu dute Naiz irratian.
Donostiako La Cumbre jauregiaren etorkizuna argitzeko lanean ari dira Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza. EITBk hilaren 15ean argitaratu zuenez, udalak jada igorri dio eraikin hori memoria demokratikorako gune bihurtzeko prestatzen ari den proposamenaren zirriborroa Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari.
Proposamen horren harira, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileari elkarrizketa egin diote Naiz irratian. “Proposamena berandu xamar etorri bada ere, berri ona da”, adierazi du Izagirrek. Izan ere, gogorarazi du hitzarmena 2022ko ekainekoa dela, EH Bilduk eta Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuak sinatu zutena, Memoria Historikoaren Legearen baitan. Legea urte hartako urrian onartu zen, eta urtebeteko epea jarri zen lagapena egiteko. Horretarako, udalak proiektua aurkeztu behar zuen. Izagirrek azaldu duenez, urte hartan “ez zen ia ezer egin”, nahiz eta EH Bilduk behin eta berriro eskatu zuen udala mugi zedin, finean badelako “berri on bat” Donostiarentzat, baina baita Euskal Herriarentzat ere.
“Eragile batzuk eta pertsona zehatz batzuk, Gogora Institutuarekin batera, proiektu honen zirriborroa egitea eskertu behar dugu”, adierazi du Izagirrek. Hala ere, emango zaion ezaugarritze eta helburuekin kezka nabaria du.
Egindako zirriborroari zenbait aldaketa egin zaizkiola jakitun dira, eta “beldur” dira ea zein diren aldaketa horiek. Izan ere, “denbora gehiegi pasa da”, eta “oso garrantzitsua” zen haientzat zirriborro horretan eragileekin adostutakoa, eta 2022ko hitzarmenean jasotzen zena: “Eraikin hau eta eremu hau behar da Estatuaren biktimak oroitzeko, eta eragileek ere beren lekua behar dute zuzendaritzan eta espazioa kudeatzeko lekuetan”.
Izagirrek adierazi duenez, gaiari buruz Eneko Goia alkatearekin hitz egin du, eta ez dio esan zein aldaketa egin dituzten. “Ordea, prentsaren bitartez gauza batzuk irakurri ditugu eta iruditzen zaigu kontrako norabidean doazela”, gaineratu du.
Elkarrizketa osorik entzun dezakezue helbide honetan.