Etiopia Utopia fundazioak legatz goxoena bilatuko du irailaren 7an
Donostiako legatzaren elkarteen arteko hamabigarren lehiaketa egingo du Etiopia Utopia fundazioak irailaren 7an. Donostiako Udalak, Sagardo Egunaren harira baitan antolatzen du elkartasuna bultzatzeko jarduera hau, eta urteroko moduan, Trinitate plazan egingo dute, 11:30ean.
Aurreko urteetan egin duten moduan, antolatzaileek lehiaketarako produktuak banatuko dizkiete parte hartzaileei eta bertaratzen direnentzako pintxo eta edariak izango dituzte salgai.
Ekarpenak, Etiopiara
Etiopia Utopia Gobernuz Kanpoko Erakundeak hamaika jarduera egiten ditu urte osoan zehar, Etiopiako herria laguntzen jarraitzeko. Horietako bat Luis Irizar legatz saltsa berdearen lehiaketa da. Irizar sukaldariaren lankidetza omendu nahi izan dute horrela, antolatzaileen azaldu dutenez, sukaldariaren laguntza eta babesa erabakigarria izan baitzuten fundazioaren jarduera nagusienetako batekin aurrera egiteko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekarpenak Etiopiako Addis Abebako Salestarren haur eskolara bideratuko dute. Bertan, baliabiderik ez duten bost urtetik beherako haurrak dituzte, eta horien osasun, nutrizio eta laguntza proiektua babestea dute helburu nagusia egun. Haien webgunean azaldu dutenez, landa eremuko hogeita hamabi ama eta hogeita hamabi seme alaba daude harrera zentroan. Gainera, beste hamabost haur eskolatara joaten dira egunero, pobrezian bizi diren amek lan egin behar dutelako.