Hiru bisita gidatu egingo dituzte irailean Artikutzan
Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programa barruan, hiru bisita gidatu antolatu dituzte Artikutzara irailean. Hilaren 1ean, 8an eta 29an egingo dituzte bisita horiek, eta izena emateko, erreserba egin beharra dago bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatziz, edo telefonoz 679-61 30 16 telefonora deituz.
Irailaren 1eko bisitan, Artikutzako auzoa eta Ugaldeko presa ezagutuko dituzte bisitariek. Ibilbide “laua eta erosoa” dela azaldu dute antolatzaileek. Artikutzan hasiko dira, ibaiaren ibilguari jarraituz. Donostia urez hornitzen zuen kanalaren gainean ibiliko dira, eta funtzio horrekin lotutako hainbat instalazio ikusiko dituzte. Ugaldeko presan ibaia gurutzatuko dute beste ertzetik itzultzeko.
Irailaren 8an, Eskas, Elutsa eta Erroiarri bisitatuko dituzte. Eskasetik abiatzen den ibilbide zirkular honek, balizatutako bi bide elkartzen ditu. Eskasetik hasita Napar Bidetik abiatuko dira, Burnaiztegiko leporaino. Hortik Bidango zabalera iritsiko dira eta bertan harrespilak eta historia aurreko aztarna ezberdinak ikusteko aukera izango dute. Elutsako leporaino hurbilduko dira hamaiketakoa egitera, tokiak eskaintzen duen Artikutzako basoaren ikuspegiaz gozatzen duten bitartean.
Eskasera bueltatzeko beheranzko bidea hartuko dute Elizmendiko bide nagusiarekin topatu arte. Bide honek Erroiarriko ur jauzia ikusteko aukera eskainiko du eta izen bereko errekastoa ere bai. Egurrezko bi zubitxo zeharkatu eta gero, gora egin eta berehala errepidera aterako dira.
Eta azkenik, irailaren 29an, Mintegixar eta trenbide zaharra ikusteko aukera izango da. Eskasetik hasita, 200 metro jaitsiko dira errepidetik eta eskuinetik hasten den bidea hartuko dute. Mintegixar inguruan barneratuko dira, erreka ugarik zeharkatzen duten leku ilunean. Eremu horretan hagin populazio garrantzitsua dago, zuhaitz berezia eta nahiko urria dena; bertan ikusiko dituzten ale batzuek 400 urte baino gehiago izan ditzakete. Mintegixarren pistak errepidera eramango ditu berriro bisitariak. Hortik meatze-trenbide zaharraren trazadura hartuko dute, berriro Eskasera itzultzeko.
Irteerak 09:00etan hasiko dira, eta ibilbidearen arabera, Eskaseko parkinga edo Artikutzako auzoa izango dira elkarguneak.