Artzain ona gidari
Orkestra zuzendariaren figura enigmatikoa bezain erakargarria da. Instrumenturik jo gabe, putz egin ala arkuarekin kordak igurtzeke, musika egiteko gai den pertsona da orkestra oso baten aurrean jartzen den hura. Horixe du helburu eta jomuga gidariak: artzain onaren paperean, bere ardi guztiak bildu eta amankomunean pieza musikalak eraikitzea. Hein handi batean, autoritate moral baten gisara jokatu beharra du maisuak ala maistrak, bere operarioak konbentzitu behar baititu bere buruan dituen diskurtsoen kalitateaz eta onuraz. Ez da erraza izaten musikari bakoitzaren ikuspuntu propioa ahaztaraztea eta batutak irekitako bideei jarraituz sakan hostotsuetan barneratzea. Landu beharrekoak dira hor konfiantza, elkarrenganako estimua, entzute aktiboa edo talde zentzua. Kursaal Auditoriora bart hurreratu ginenok sentitu genuen bai La Scala entzutetsuko orkestra talentudun ekipo batua dela eta entrenatzaile bikaina dutela buru: Ricardo Chailly mitikoa.
Harmailak beteta hasi zen gaueko partida. Jende andana zen italiarrek eskainiko zutenaren gosez, nabaria zen Hamabostaldiaren baitako kontzerturik garrantzitsuenetariko bat entzutear ginela. Piotr Ilich Tchaikovsky konposatzaile errusiarraren bosgarren sinfonia ezagunarekin altxatu zen oihala. Musika hastearekin batera ohikoegiak bihurtu diren txutxumutxu eta marmarren artean —isiltasuna, musika egiten ari gara— bide egin behar izan zuen lehen mugimenduko sarrera grabe eta zeremonialak. Jada hasierako konpasetan nabaritu genituen Chaillyk gau osoan zehar erakutsiko zigun malgutasun musikala. Garbi gelditu zen gizon honek musika egin ez ezik, arnastu ere organikoki arnasten duela. Behartu gabe, partituran dagoena modu zintzoan jarriz oholtza gainean. Lehen ataleko gaia azaltzearekin batera, zurezko haize instrumentuek beraien lezio propioa eskaintzeari ekin zioten. Fin hasierako konpasetan klarinete gozoa, saltari eta bizi flauta, sakontasun nabarmenez fagotak. Taldeari kontribuzio gorena egiten ziharduten berauek, metalezko instrumentuek apurtxo bat deiadar egiten zuten bitartean. Soinu verdianoa —italiarraren requiem baterako egokiagoa— iruditu zitzaidan zenbait momentutan atzeko lerroko tronboiena. Egia da ez zela gehiegizkoa igorritako soinua, baina agian erromantizismo errusiarraren erakusle gorena den sinfonia honetarako indar gutxixeago eskertuko genukeen entzuleok.
Bigarren mugimenduan Tchaikovskyk tronpari idazten dion bakarkako pasadizoa ezin da hitzez deskribatu. Chaillyk jakin izan zuen melodia hilezkorrari leku egiten. Handia oboea kontrakantuan. A ze gol pila sartu zituena jokalari hark, bere alea debozioz eskainiz jada transatlantiko baten itxuran Urumeako urak zeharkatzen zihoan ontzi tzarrari. Hirugarren mugimenduko balsa dotoreziaz mugitu zuen maisuak eta bere orkestrako partaideen barne komunikazio are nabarmenagoa gertatu zen une honetan, musika —ura lez— eskutik eskura pasatzen baitzihoazen batak besteari. Mugimendu arteko txaloenak ere mereziko luke aparteko kronika bat. Zenbait entzule tematurik izaten da pieza amaitu dadin, egokitzen ez denean beraien txalo desegokiekin gauaren magia zapuztuz. Lehenengo ataletan izaniko mugimendu arraroez jabetuta, Chailly berak egin zigun keinu laugarren mugimenduaren erdialdean, amaierako gailurrera iristear zela pieza, isilik mantendu gintezen. Azken mugimendu honetan ez zuen eskuen artean orain artean moldagarria zirudien plastilinazko dorrea nahi bezala transformatu gidari italiarrak. Tempo aldaketa batzuek denbora gehiago beharko zuketen, instrumentistek Tchaikoskyk allegro vivace zatian jarritako nota guztiak sartzeko astia izan zezaten.
Amaitua lehen atala, zoramena izan zen publikoaren erantzuna. Aspaldian ez nuen horrelako txalo jasarik entzun Donostian. Jendeak airean irten zuen atsedenaldira, Chaillyk lortua zuen helburua: guztiak berari buruz jardutea eta jendea poltsikoratzea. Easo Ederrean, ordea, ohikoa denez, musika ezagun eta ugaritan interpretatuei eskaintzen zaie arrandiarik handiena. Maurice Ravel ziburutarrak konposatutako Daphnis et Chloé ballet zoragarriaren atalak jasotzen dituzten bi suitek ez zuten izan Tchaikovskyren sinfonia entzunerrazagoak bezalako oihartzunik. Zenbat lan dugun oraindik egiteke! Balletaren bidetik batu genitzake, bestalde, bi konposatzaileak; bestelakoan arratseko bi lanek ez baitzuten konexio zuzenik.
Konposatzaile izugarria izan zen Ravel. Bere produkzio musikaleko edozein lanek hala erakusten du. Jatorrian koruaren interbentzioa gehitu zion balleteko musika atalei baina atzokoan entzun genuen bertsioa orkestrarako soilik sortu zuena izan zen. Chaillyk lehen obran erakutsitako malgutasuna mantendu eta musika inpresionista frantsesak berea duen lurrin berezia helarazten jakin izan zuen. Haizea berriro ere protagonista. Azpimarragarria bigarren suiteko hasierari eskaini zioten distira eta pantomimaren atalean flautistak burutu zuen lan ederra. Azken mugimenduko tempo aldaketak itzel zizelkatu zituen maisuak, bosteko konpasari punta atereaz eta perkusioaren paper protagonista azaleratuz. Txalo lotsati eta xaloagoen artean —1912an estreinatutako musika zenbaitentzat oraindik garaikidea baita—, Chailly eta bere segizioak oraindik indarra eta kemena izan zituen Leoš Janáček konpositore txekiarraren Jenufa operako estraktu bat eskaintzeko. Han ere nabari zen bai zeinen garrantzitsua den talde lanaren garrantzia eta artzainaren gidaritza fina. Bravi tutti!