Bi donostiar larri zaurituta erreskatatu dituzte Huescan
Parapentean aireratzear zeudela erori ziren 66 eta 70 urteko bi gizonak.
66 eta 70 urteko bi donostiar ospitaleratu dituzte bart, egonkor baina larri zaurituta, Zaragozako Miguel Servet eta Klinikoa ospitaleetan. Bi gizonak larri zauritu dira aireratzean zeuden bi plazako parapentea Hetxoko haranean (Huesca) erori ostean. Guardia Zibilaren arabera, oraindik ez dago argi zerk eragin duen istripua.
Heraldo de Aragon egunkariaren arabera, ezbeharra atzo eguerdian jazo zen, 12:40ak aldera. Huescako Guardia Zibilak gertatutakoaren berri izan zuen, 112-SOS deiaren bitartez eta berehala aktibatu zituen halako kasuetarako izan ohi dituzten baliabide guztiak. Hala, Jakako Greim, Huescako Aire Unitatea, 061eko mediku bat eta Aragoiko Larrialdi Zerbitzuko helikoptero medikalizatua garraiatu zuten parapentea erori zen eremura.
Antza denez, zuhaitz asko zeuden inguru batean erori ziren eta eremua oztopo izan zuten bi donostiarrak ahalik eta azkarren artatzeko. Nolanahi ere, bi gizonak topatu ostean, helikopterora igo eta belardi batera eraman zituzten, medikuek artatu eta ostean ospitaletara garraiatzeko. Biak donostiarrak badira ere, 66 urteko gizonezkoa Huescako Hecho herrian bizi da.