Miramar jauregia berritzeko baimena eman du udalak
Donostiako Udalak Miramar jauregia birgaitzeko eta egokitzeko eskatutako baimena eman dio Kursaal Elkarguneari. Udalak azaldu duenez, eraikinean egin beharreko esku-hartze arkitektonikoaren helburua jauregiak definitzen duen egitura nortasuna berreskuratzea da, baina egungo egoeretara egokituta: “Balio sinboliko eta artistikoa babestea eta jasangarritasunaren erronkei erantzutea da xedea. Baita ere, energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna bermatzea”.
Ancora, kezkatuta
Gai honekin lotuta, joan den igandean Ancora elkarteak eskaera formala egin zion Eneko Goia alkateari eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari, Miramar jauregia birgaitzeko proiektua Tokiko Ondarearen Aholku Batzordeak ebaluatu dezan, udalak onartu aurretik. Elkartearen arabera, eraikinaren erabilera “jauregiaren ezaugarrietara egokitu behar da, eta ez alderantziz”; eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak ezartzen duen moduan, “gutxieneko esku-hartzea” izan beharko luke.
Hala, eraikinaren berezitasuna eta garrantzi historikoa kontuan hartuta, kontseilua biltzea eta txosten zehatza egitea eskatu zuten edozein lan abiatu aurretik, proiektuak monumentuaren ondarearen erabat errespetatuko duela bermatzeko.