San Agustin eguna ari dira ospatzen Artikutzan
San Agustin eguna ari dira ospatzen gaur Artikutzan, bertako patroiaren eguna, hain zuzen. Nafarroan dago Artikutza geografikoki, baina Donostiako Udalaren jabetzakoa da, 1919tik. Eguraldia lagun, jende andana animatu da egunpasa egitera, Artikutzako ateak erabat irekita egoten diren urteko egun bakarrean. Izan ere, eremu babestua da Artikutza, eta horregatik, finkan ibilgailu motordunekin sartzeko, baimena eskatu behar da. San Agustin egunean, ordea, sarrera erabat librea izaten da.
Giro bikaina izan da goizetik, eta ez dira falta izan askotariko artisau produktuak saltzeko postuak, zerbait jan eta edateko txosnak, Ataungo talogileak, eta kirol erakustaldiak, besteak beste. Goizean, 11:30etik aurrera, pilota partidak jokatu dituzte herriko frontoian: Zabaleta-Oses eta Larrarte-Bergara bikoteak lehiatu dira emakumeetan, eta Iriarte-Apezetxea eta M.Olaiz-X.Olaiz bikoteak gizonetan.
Arratsaldean, herri kirolen erakustaldia egingo dute 17:00etatik aurrera: alde batetik, Maddi Gesalaga, Naroa Arruti eta Urdax Magunazelaia harri jasotzaileak lehiatuko dira; bestetik, aizkolaritzan, Iker Vicente, Arkaitz Etxebeste, Mikel Larrañaga eta Aratz Mugerza aizkolariak arituko dira. Ondoren, 20:00etan, dantzaldiaz gozatu ahal izango da bertan.