Ahotsa poz iturri
Ahotsa da harmoniko gehien igortzeko gai den instrumentua. Soinua eratzean, bibrazio multzo bat sortzen dute korda bokalek, biolinari eragindako igurtzian sokek eragiten dutenaren antzera. Benetan aberatsa da, ordea, eztarrian ezkutaturik ditugun plegu modukoek eraiki ahal dutena. Emoziorik sakonenak ere kantuz transmititu ohi ditugu, kanal bikaina baitzaigu elkarturik melodia baten bueltan abestearena. Kantuz sortu baikara eta kantuz nahi bizi, badakizue. Ahotsaren potentzialitatea nabarmena izanik, koruen hazkundea eta hedapena ere izugarria izan da Euskal Herrian azken mendean. Hasi talde amateurragoetatik eta buka egungo musika garaikideari txinpartak ateratzeko gai diren talde profesional hainbatekin. Horietako batez, 1997an Enrique Azurza tolosarrak sortutako Kea Ahots Taldeaz, gozatzeko aukera izan genuen atzokoan Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan.
Kutsu intimoa izan ohi dute Rafael Moneok irudikatutako bi kuboetako txikienaren azpian egin ohi diren emanaldiek. Intimoa, batetik, ez delako jende andana hurbiltzen XX. eta XXI. mendeetako musika ardatz izaten duten programak entzutera. La Scalako filarmonikari buruz idatzitako kronika irakurri bazenuen, irakurle, jakingo duzu zertaz ari naizen. Eta bestetik, horrelako kontzertuek ere berea dutelako gertutasun bat eta burutzen denaren apreziazio kristalinoago bat. Kubo handian, guztia izan ohi da birtuosismo, memoriaz jotako partitura eta jendearen orro eta txalo. Anaia txikiak hartzen duen zikloa, ordea, konposatzaileen lanaren ohoretarako burutzen da. Paperean dagoena da garrantzitsua, egileak herenegun amaitutako konpasei ateratzen diete zukua bertatik pasatako bakarlari zein taldeek. Atzokoan, Azurzak aretoan presente ziren bi konpositoreren lanak taularatu zituen. Batetik, Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakaslea den Maria Eugenia Luc konposatzailearen Exaudi lana interpretatu zuten. Lan konplexua oro har, melisma eta glissandoen erabilerarekin nota zehatz bati geruzak gehitzen joaten baita. Kantu gregorianoaren zantzuak ere presente egin ziren tenor bakarlariaren interbentzioarekin, amaierako magma koral konplexu eta noten arteko talkez josira iritsi arte. Meritua publikoaren txaloei erantzutera atera zen Lucena.
Zuzendariarengandik ez oso urrun, abesbatzak osatzen zituen bi lerroetatik lehenengoaren ertzean, David Azurza konposatzaile tolosarra kokatzen zen. Berea izan zen arratseko bigarren zatian entzun genuen BAT lana. Zenbaki kardinalari baino batzeari erreferentzia egiten zion piezak hainbat eta hainbat hizkuntzetan ditu txertatuak letra atalak —ich bin, jo sóc, ni naiz— eta Azurzak berau 2017an Bartzelonan ospatu zen musika koraleko mundu mailako sinposiorako idatzi zuen. Diapasoiak eskuan zituztela, nabarmentzekoa izan zen koru kidearen piezan interpreteek erakutsitako konpromisoa. Behin bertaratu zirenei leku eginda, programan Györgi Ligetik, 2006an zendu zen konpositore hungariarrak, izaniko protagonismoa azpimarratu nahiko nuke.
Lineala eta kontenplatiboegia zirudien lehen zatiaren ostean, iratzartzeko modukoa begitandu zitzaigun Morgen pieza bizia. Oilarren soinuak imitatuz, esnatzera doan herrixka baten soinu bilduma burutzen du maisutasunez Ligetik. Dotorezia handiz idatzi zuen gisan, bestalde, bere Lux aeterna ezaguna. 1966an musikari trebeak hamasei ahotsez osaturiko koru mistorako idatzia, errepikatzen doazen zatien gainean eraikitzen du hungariarrak berak mikropolifonia kanonikoa deiturikoa. Airean zintzilik dagoen musika atenporala dirudi tinbrikoki etengabe modulatzen doan masa koralak. Prezisio erabatekoa ezinezkoa izanik, atzokoan faltan bota nituen trantsizio zenbaiten garbitasuna eta hasiera zein amaieren purutasuna. Aipatzekoa izan zen, hala ere, Keakoek akustika ez oso lagungarri batean burutu zuten esfortzua eta lana. Bereziki ederrak Ligetik piezaren amaieran isiltasunean uzten dituen zenbait konpas. Han zerien Azurza zuzendariaren eskuei mugimendua, koru guztia isilik mantentzen zen heinean. Isilunea musikatzeko modua. Ezer ba ote, bada, isilunea baino musikalagorik?