Askotariko jarduerak antolatu dituzte Abuztuaren 31ren bueltan
Larunbatean, hilaren 31n, 211 urte beteko dira tropa aliatuek —Ingalaterra eta Portugal, Espainiaren laguntzarekin— Donostia setiatu, erre eta sarraskitu zutenetik. Horren harira, ohiko legez, gertaturikoa oroitzeko askotariko jarduerak antolatu dituzte hirian larunbaterako.
Alde batetik, honakoa da udalaren egitaraua:
- 11:30ean, setioan bizitza galdu zuten donostiarren omenezko meza egingo dute Santa Maria Basilikan.
- 12:45ean, udal agintariek lore eskaintza egingo dute Portaletasen, Itsas Atean.
- 16:00etatik 17:00etara, ordu laurdenero, Zurriolan kokatutako tropa ingelesak hiria hartzen saiatuko dira, Urgullen egongo diren napoleondarren aurka kanoiekin tiro eginez.
- 17:00etan, tropak hurbiltzen hasiko dira, eta kanoi hotsak egongo dira Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren artean.
- 18:00etan, Donostia 31 Kultur Elkarteak Gipuzkoako Elikagaien Bankua omenduko du, egiten duen lanarengatik. Jarraian, oroitzapen desfilea abiatuko da, Zuloaga plazatik.
- 19:00etan, Bulebarreko kioskoan, hildakoen omenezko minutu bateko isilunea egingo dute eta hiriko ereserki zaharra interpretatuko dute. Jarraian, Bulebarretik eta Parte Zaharretik jarraituko dute setioaren antzezpenarekin.
- 21:00etan, gazteluaren aurkako erasoaren eta hiriaren erreketaren antzezpena, Zuloaga plazan.
- 21:30ean, prozesio zibikoa, San Bizente elizatik Santa Mariara.
Bestetik, hau da Donostia Sutan 1813 Kultur Elkarteak antolatutako egitaraua:
- 20:15ean, antzerki ibiltaria, Parte Zaharreko kaleetatik, San Bizente elizatik hasita eta Plaza Berrian bukatuta. Donostia suntsitu aurreko uneak, abuztuaren 31ko sarraskia eta ondorengo egunak antzeztuko dituzte ibilaldian.
- Horrez gain, 1813ko abuztuaren 31n hirian gertatutakoari buruzko informazio panelak jarriko dituzte Parte Zaharreko kaleetan, baita gai beraren inguruko aldizkariak banatu ere.
- Irailaren 6an, Zuzi Martxa egingo dute, 20:00etan, Santa Maria elizatik abiatuta.